Udalak bertan behera utzi ditu San Martin eguneko eta sanandresetako ekintzak

Andoni Elduaien 2020ko aza. 4a, 14:32

San Martin ermitako soka ez da eskuragarri egongo datorren asteazkenean, eta sanandres jaiei lotutako ekintzarik ere ez du antolatuko Azkoitiko Udalak.

Azaroan bi egun gorriz markatuta izan ohi dituzte azkoitiarrek: azaroaren 11, San Martin eguna, eta azaroaren 30a, San Andres eguna. Udalak gaur azaldu duenez, San Martin eguneko ekintzak eta sanandres jaiei lotutako gainerako ospakizun guztiak ez antolatzeko erabakia hartu du.

"COVID-19ak ez du atsedenik ematen bizi dugun egoera latz honen aurrean. Udalak ospakizunak bertan behera uztea erabaki du", azaldu dute. San Martin egunean, beraz, ez da kanpai hotsik entzungo San Martin ermitatik, udalak ez baitu horretarako aukerarik emango; kanpaia jotzeko soka eskuragarri ez dela egongo jakinarazi du, eta San Andres egunean ere txosnak eta bestelako ekintzak ez direla izango aurreratu du.

"Festak bertan behera utzi behar izatea dagoeneko ez da albistea; ez da inor harrituko. Ez dago beste irtenbiderik. Jende pilaketak saihestea da gure ardura eta erantzukizunez jokatu behar dugu guztiok, norbere buruagatik hasita. Eszenatoki honetan ez dago ospakizunentzat tokirik", azaldu du Sonia Vazquez Kultura zinegotziak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide