Positiboek nabarmen egin dute gora Azkoitian, eta hemezortzi kasu berri zenbatu dituzte

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 3a, 13:46

Berriro ere gora egin dute kasu positiboek Azkoitian; urriaren 28ra joan behar da antzeko datuak topatzeko. Hego Euskal Herrian ere ez du etenik positiboen zenbaketak, eta beste 1.525 kasu hauteman dituzte.

Pandemiaren bigarren olatu olatu honetan ez dago atsedenerako tarterik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste 46 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kosta eskualdean. Azkoitian, bereziki, asko igo dira kasuak egun batetik bestera; Zumaian, aldiz, beherakada nabarmena izan du.

Hemezortzi kasu atzeman zituzten atzo Azkoitian, ia aurreko hiru egunetan zenbatutakoa adina —20 kasu izan zituzten ostiraletik iganera bitartean—. Urriaren 28ko datuetara joan behar da antzerako igoera bat aurkitzeko; izan ere, egun horretan 15 kasu positibo izan ziren herrian. Datu hauek direla eta, 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1.326,22koa da orain.

Azpeitian, berriz, zortzi kasu positibo zenbatu zituzten atzo, bezperan baino bost gehiago, baina ostiralean atzemandako 24 kasuetatik urrun. Intzidentzia tasa 1.481,24 da une honetan. Horrez gain, gorriz jantzita jarraitzen du Zumaiak, eta eskualdeko bigarren intzidentzia tasa handiena du, Errezilen atzetik, 1.923,66ko kopuruarekin. Hala ere, bi astez olatuaren aparrean egon ondoren, eta pasa den astean baheketa selektiboa izan ondoren, badirudi atsedenaldi bat dutela; izan ere, bi kasu besterik ez zituzten atzeman atzo Zumaian, asteburuan izandako 36 kasuetatik urrun. Bestalde, Zarautzen berriro gora egin du positiboen kopuruak; beste hamar kasu zenbatu zituzten atzo (93 kasu dira azken zazpi egunetan), eta semaforo gorria piztu da berriro herrian. Kasu metatuen tasa 500dik gora dago berriro, eta 635,17koa izan zen atzo.

Eskualdeko beste lau herritan ere positiboak atzeman zituzten atzo: hiruna Zestoan eta Orion, eta bana Aian eta Aizarnazabalen; Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez zen kasurik izan.

Kasu positiboek, etenik ez

Hego Euskal Herrian ere gorantz jarraitzen du kasu positiboen zenbaketak. 1.525 kasu positibo atzeman zituzten atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.886 proba egin zituzten atzo, eta 1.120 positibo detektatu zituzten. Bizkaian izan zituzten kasu gehien, 506; Gipuzkoan 490 kasu izan ziren, eta Araban 113. Hiru lurraldeko datuak batuta, intzidentzia tasa 715,76koa da.  Ospitaleratuei dagokionez, beste 73 lagun eraman zituzten hiru lurraldetako ospitaletara. ZIUn, gaur egun, 106 lagun daude. 

Bestalde, Nafarroan beste 525 kasu izan zituzten egindako 4.505 probetan. Tamalez, beste sei lagun hil ziren atzo Nafarroan birusaren eraginez. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide