Harreman sozialak "ezinbestekora" mugatzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 2a, 12:09

Egoera "kezkagarria" dela eta "aukera guztiak mahai gainean" daudela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Asteazkenean eta ostegunean aztertuko dute joan den astetik indarrean diren neurrien eragina, eta orduan erabakiko dute neurri gehiago hartzeko beharrik dagoen. Bien bitartean, Jaurlaritzak hamar gomendio eman dizkie herritarrei.

Datuek ez dute hobera egiten, egoera kezkagarria da, eta Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen neurri murriztaile gehiago eta gogorragoak hartu behar izatea. Halaxe adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur goizean, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Onartu du "aukera guztiak mahai gainean" daudela; horien artean leudeke "etxeratzeko agindua aurreratzea" eta "ezinbestekoak ez diren ekonomia jarduera guztiak etetea" ere. "Egoera kezkagarria da, baina orekari begira arituko gara, osasuna eta ekonomia zaintzeko", adierazi du.

Urkulluk esan duenez, asteazkenean eta ostegunean aztertuko dute zer neurri beharko diren. Izan ere, egun horietako datuek erakutsiko dute bidea, ordurako antzeman beharko bailitzateke alarma egoerak ekarri dituen murrizketen eragina kasu berrien kopuruan. 

Bien bitartean, joan den astetik indarrean diren "neurriek adinako garrantzia duten hamar gomendio" eman dizkie Jaurlaritzak herritarrei. Hona:

  • Norberaren esku dauden babes neurri guztiak hartzeko, alegia, eskuak sarri garbitzeko, maskara uneoro erabiltzeko, elkarren artean beti metro eta erdiko tartea uzteko eta etxekoak ez direnekin ahalik eta gutxien elkartzeko.
  • Sintomarik izanez gero, autoisolatzeko eta osasun zerbitzuei jakinarazteko, eta horrez gain, azken bi egunetan harreman estua izan dutenenen zerrenda egiteko eta haiei ere egoeraren berri emateko, autoisolatu daitezen. Horrez gain, eskatu du erakundeek aktibatu dituzten APPak erabiltzeko, kasuen, kutsatzeen eta miaketaren jarraipena errazteko.
  • Ezinbestekoa ez bada, ez elkartzeko etxe berekoak ez diren familiartekoekin eta lagunekin, ezta sei pertsonako gehienezko muga hori errespetatuz bada ere. 
  • Ez joateko tabernetara futbol partidak eta bestelako kirol ekitaldiak ikustera.
  • Tabernetan eta jatetxeetan uneroro maskara jantzita izateko, eta soil-soilik kentzeko zerbait jateko edo edateko unean.
  • Ez erabiltzeko gimnasioetako eta kiroldegietako aldagelak eta ez joateko gune itxietan egiten diren lehiaketak ikustera.
  • Espazio itxiak etengabe aireztatzeko.
  • Unibertsitateetako elkargune eta tabernetan prebentzio neurriak zorrotz betetzeko.
  • Garraio publikoan jenderik gehien ibiltzen den orduak saihesteko.
  • Enpresetan, ahal dela, telelana egiteko, eta bestela, sarrera-irteeren ordutegiak malgutzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide