SARS-CoV-2 birusa atzemateko PCR eta antigeno probetan beste hamar positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak Azkoitian. Azken zazpi egunetan 78 kasu batu dituzte herrian eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 1.267,83koa da. Horrenbestez, argi gorria piztuta duten 5.000 biztanletik gorako udalerrien multzoan jarraitzen du, aise, Azkoitiak.
Urola Kostako herrietan 70 lagunek eman zuten positibo atzo PCR eta antigeno probetan, eta Azkoitia izan zen kopuru altuena gehitu zuen hirugarren herria, Azpeitiaren (22) eta Zumaiaren (15) atzetik.
Gainerako kasuak, berriz, honako herri hauetan atzeman dituzte: hamar Zarautzen, lau Zestoan, hiruna Errezilen eta Getarian eta bana Orion, Aian eta Aizarnazabalen.
Gipuzkoako egoera ez da batere ona, datuek erakusten dutenez. 5.000 biztanletik gorako herri gehienek alarma gorria piztuta dute, eta horien artean dira Azkoitia, Azpeitia eta Zumaia. Dagoeneko bukatu dute baheketa masiboa Zumaian, baina Osakidetzak ez ditu datuak jakinarazi oraindik. Dena den, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa oso altua du herri horrek: 1.923,33 da hamalau eguneko positibo kopuruen tasa. Azpeitian, berriz, 1.620,71koa da intzidentzia tasa.
Zarautz ere alarma gorria pizteko atarian da, 429,17 baita hando intzidentzia tasa –500era iristean hartzen du kolore gorria–. Izatez, baina, Errezilek du eskualdeko tasa altuena –5.095,54–, baina ez da 5.000 biztanlera iristen, eta beraz, ez da Osakidetzak tasaren zenbatekoaren arabera egiten duen kolore bereizketan sartzen.
Azken zazpi egunetako datuei erreparatuz gero, honako hauek dira herriz herriko positibo kopuruak: Azpeitian 122, Zumaian 105, Azkoitian 78, Zarautzen 67, Zestoan 21, Getarian hemezazpi, Errezilen hamahiru, Orion hamahiru, Aian bost, Aizarnazabalen hiru, eta Beizaman batere ez.
Egoera ez da batere ona
Egoera ez da inolaz ere ona Hego Euskal Herrian, atzo ia bi mila positibo zenbatu zituzten. Orotara, 1.959 kasu atzeman zituzten atzokoan, herenegun baino 182 positibo gehiago. 20.810 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta herritarren %9,4k eman zuten positibo horietan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.325 positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak, hau da, probak egin zituzten herritarren %8,2k eman zuten positibo atzokoan. Guztira, 16.237 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten. Nafarroan, berriz, 4.573 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta 634 positibo zenbatu zituen, hango gobernuak eman dituen datuen arabera.
Gipuzkoako egoera larria da, eta Bizkaikoa ere hala ari da bilakatzen; izan ere, dagoeneko gainditu du 100.000 biztanleko 500 positiboren langa. Egora kaskartzen ari den seinale da atzo positibo gehien Bizkaian zenbatu izana: 605. Baina Gipuzkoan ere ugari izan ziren, 570. Araban, berriz, 140 positibo detektatu zituzten atzo, eta etxebizitza hiru lurralde horietatik kanpo duten beste 11 lagunek ere eman zuten positibo.
Atzo 63 pertsona ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur egun, 395 dira –herenegun baino bederatzi gehiago– koronabirusa tarteko ospitaleetan diren gaixoak. ZIUn daude horietatik 84, herenegun baino bost gehiago. Nafarroako ospitaleetan 56 lagun daude ZIUn.