Dagoeneko zabalik da Azkoitiko Udalak Xabier Munibe kalean egokitu duen bizikletak garbitzeko gunea. Presiodun bi tutu malgu jarri dituzte herritarrek bizikletak garbitzeko aukera izan dezaten. Gainera, bizikleten konponketa arruntak egiteko erremintak ere jarri dituzte eskura.
Bizikleta erabiltzaileek egindako eskaerari erantzunez egin dute txokoa, bidegorri sarearentzat "osagarri egokia" dela uste baitu udalak. Izan ere, erakundeak azaldu duenez, gero eta ohikoagoa da bizikleta erabiltzea bai kirola egiteko, bai joan-etorriak gauzatzeko, eta udalerriek horretarako "prestatuta" egon behar dute.
"Gero eta gehiago praktikatzen da mendiko eta errepideko txirrindularitza, eta espero dut gabirgunea benetan probetxugarria izatea eta herritarrek hari erabilera zuzena ematea", azaldu du Javier Zubizarreta alkateak. Udalak gunea errespetatzeko eta zaintzeko eskatu du, eta gogorarazi du garbitokian bertan zehaztuta daudela gunearen erabilera arauak.