Aizkibel Liburutegiko kideek zientzia tailerrak antolatu dituzte beste urte batez, eta dagoeneko irekita dago izena emateko aukera. 8 eta 12 urte arteko gaztetxoek —LH3 eta LH6 mailen artean daudenek— izango dute saio horietan parte hartzeko aukera, eta hilaren 6a baino lehen eman beharko dute izena.
Lehen tailerra azaroren 12an izango da, pH PHACTOR izenburupean. Bertan, substantzia azido eta basikoen kimikari buruzko saiakerak egingo dituzte gaztetxoek; besteak beste, pH-a zer den eta hura nola neurtu ikasiko dute, baita disoluzioak neutralizatzen ere. Bigarren saioa, berriz, hilaren 13an izango da, eta energia hidraulikoaz arituko dira bertan; energia berriztagarriak aipatuko dituzte saioan, baita horiek ingurumenean duten inpaktu murritza ere. Horrez gain, jasangarritasunaren giltzarri den energiaren erabilera efizienteaz ere arituko dira.
Bina saio eskainiko dituzte egun bakoitzean, 17:30ean nahiz 19:00etan, eta doakoak izango dira. Plaza kopurua, ordea, mugatua izango da. Bestalde, Azkoitiko Udalak azaldu du zientzia tailerretan beharrezko osasun eta segurtasun neurriak ezarriko dituztela liburutegian, kutsatzeak saihesteko.