Eusko Jaurlaritzak jarduera fisikoari eta kirolari buruzko jarraibideak zehaztu egin ditu. Besteak beste, jarduera fisikoa eta kirola egiteko neurriak zein diren eta kirol instalazioak nola erabili behar diren jakinarazi du, baita profesionalen, erdi profesionalen eta federatuen entrenamenduen eta lehiaketen berri eman ere.
Kirola taldean
Kirola edo jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean eta kontaktu fisikorik gabe. Gehienez sei pertsonako taldeetan elkartu ahal izango dute herritarrek kirola egiteko, baina Jaurlaritzak adierazi du muga hori pasatzen ez duten talde bat baino gehiago aritu daitezkeela eremu eta aldi berean jarduera gauzatzen. Hala eta guztiz, ez du onartu taldeen arteko harremanik.
Talde horietako bakoitzak arduradun bat baldin badu –entrenatzaile bat, adibidez–, horiek ezingo dute elkarrekin harremanik izan. Dena den, talde guztientzat arduradun bakarra dagoen kasuak baimenduta daude.
Aire librean jarduera fisikoa egiteko unean ez da maskara jantzita izan beharko, baina hasi aurreko eta ondorengo uneetan jantzita eduki behar da. Gainera, pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko segurtasun-distantzia bermatu beharko dela adierazi du Jaurlaritzak.
Kirol instalazioak, igerilekuak barne
Kirol instalazioetan bakarka egin ahal izango da jarduera fisikoa. Gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahalko dira, atsedenaldietan eta joan-etorrietan maskara erabilita. Dena den, Azkoitiko kasuan, udalak joan den astean hartutako neurri murriztaileen artean dago Elkarguneko ikastaroen eta jardueren debekua.
Kirol instalazioetako jarduerak gauzatzerakoan maskara ez da beharrezkoa izango baldin eta 1,5 metroko gutxieneko segurtasun-distantzia bermatzen eta protokoloan ezarritakoa betetzen bada. Gune horien gehienezko edukiera %50ekoa izango da, eta aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera egongo da. Horretarako, baina, babes arauak bete eta 1,5 metroko distantzia utzi beharko da pertsonen artean.
Taldeka egiten diren ekintzetan, berriz, gehienez sei lagunek parte hartu ahal izango dute. Kasu horretan ere espazioaren gehienezko edukiera %50ekoa izango da, eta aldi berean talde batek baino gehiagok egon ahal izango dute eremu berean. Hala ere, Jaurlaritzak ez du onartu taldeen eta horien arduradunen arteko harremanik; dena den, kanpoko jaurdueretan gisan, arduradun batek gida ditzake talde bat baino gehiago.
Entrenamendu eta lehiaketa profesionalak eta erdi profesionalak
Urriaren 26ko data duen dekretuaren arabera, lehiaketa profesionalatzat hartuko dituzte, futbolaren kasuan, Liga Santander eta Liga Smartbank, eta saskibaloiaren kasuan, Endesa Liga. Liga horietan aritzen den talderen batek nazioarteko lehiaketaren batean parte hartzen badu ere, lehiaketa profesionaltzat hartuko du erakundeak.
Lehiaketa erdi profesionalak, berriz, Espainiako eta nazioarteko egutegi ofizialetako lehiaketak izango dira, baita Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketak ere. Atal horretan sartzen dira, era berean, tokian tokiko gorengo kirol lehiaketak ere.
Entrenamenduak eta kirol lehiaketak baimendu egin ditu Jaurlaritzak. Horiek taldekatzeko eta mugikortasun mugarik gabe entrenatu ahal izango dute. Gainera, Basque Team-eko kirolariek eta teknikariek zein goi mailakotzat izendatutako kirolariek lehiatzeko eta entrenatzeko aukera izango dute, taldeak mugatu gabe eta mugikortasuna murriztu gabe. Maskara nahitaez erabili beharko dute kirolariek, jarduera egiten ari diren momentuetan izan ezik.
Entrenamendu eta lehiaketa federatuak
Eusko Jaurlaritzak eten egin ditu federatutako kirol txapelketak. Entrenamenduak, ordea, baimenduta egongo dira, beti ere sei pertsonako taldeetan egiten badira. Kopuru hori errespetatzen duten talde bat baino gehiago aritu ahal izango dira une eta leku berean, eta arduradunek talde horietako bat baino gehiagorekin egoteko aukera izango dute. Maskara nahitaez erabili beharko dute kirolariek, jarduera gauzatzen duten momentuetan izan ezik.
Dena den, federatutako kirolari lotutako mugikortasuna mugatu egin du Jaurlaritzak, eta beren udalerrian edota gehienez ere alboko herrian aritu beharko dute. Entremanduetan parte hartzeko, 2020ko urriaren 26a baino lehenagokoa izan beharko du federatu lizentziak.
Eskola Kirola
Taldekako zein bakarkako Eskola Kirol jardueretarako entrenamenduak baimenduta daude; ez, ordea, 2007an eta ordutik aurrera jaiotakoen lehiaketak. Ikastetxeetako entrenamenduak eta jarduerak taldean egiten direnean, eskolako protokoloa jarraitu beharko da.
Aldiz, ikastetxeetatik kanpoko instalakuntza publikoetan eta pribatuetan gehienez sei laguneko taldeak osatu beharko dira. Gainerako kasuetan bezala, Eskola Kiroleko talde bat baino gehiago eremu eta leku berean egoteko aukera eman du Jaurlaritzak, eta taldeen eta pertsonen arteko harremana mugatu egin dute kasu horretan ere. Arduradunek, berriz, talde bat edo gehiago zuzentzeko aukera izango dute.
Kirol ekitaldiak eta ikuskizunak
Arriskuak murrizteko protokolo bat izan beharko dute kirol ekitaldien eta ikuskizunen antolatzaileek, eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzak aztertu beharko du plan hori. Kirol ekitaldia edo ikuskizuna garatzeko baimena eskatu beharko eskumena duten erakundeei.
Ikusleei edo zaleei buruzko azalpenak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Kirol ekitaldia egiten den udalerrian bertan bizi diren pertsonek bakarrik joan ahal izango dute kirol ekitaldietara. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dituzte, eta halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatu beharko dituzte. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun distantzia 1,5 metrokoa izan. Bizikideek, ordea, ondoan kokatutako eserlekuetan jartzeko aukera izango dute.
Ehiza eta arrantza
Ehizaren eta arrantzaren gaineko xehetasunak ere zehaztu dituzte. Ehiza jarduera guztiak nahiz ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza mota guztiak baimenduta daude, beti ere pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzen bada. Maskara nahitaez jantzi beharko da, pertsonen arteko segurtasun distantzia 1,5 metrokoa izan arren.
Aire zabaleko guneak
Kirol eremuetan, skate pistetan edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioetan gehienezko pertsona kopurua errespetatu beharko da. Udalei dagokie espazioa antolatzea, baita garbitasun eta higiene baldintzak bermatzea ere. Barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko lau metro koadroko pertsona batek egon ahalko du Jaurlaritzaren arabera.
Gehienezko edukiera, espazioaren arabera
Espazio itxietan gehienez eremu horrek duen edukieraren %50 bete ahal izango da, eta gainera, gehienez 400 pertsonak elkartu ahal izango dute. Espazio irekietan ere baimendutako edukieraren %50 erabili ahal izango da, baina gehienez 600 pertsonara arte.
Aire libreko kirol lehiaketen kasuan –arraunketa, atletismoa, errepideko txirrindularitza, rallyak eta antzekoak–, espazioa edo ibilbidea aurrez mugatu beharko da. Gainera, espazio horretan gehienez 600 pertsona sartu ahal izango dira. Bertaratzen diren ikusleen eta kirol jardueran parte hartzen duten pertsonen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantendu eta maskara derrigor erabili beharko da.