Real Titanico izango da Anaitasunaren Errege Kopako aurkaria

Andoni Elduaien 2020ko urr. 29a, 13:19

Anaitasunaren aurkariaren izena Julen Guerrero futbolari ohiak atera du.

Real Titanicoren aurkako partida azaroaren 11n jokatuko dute Anaitasunako mutilek, Asturiasko futbol taldearen zelaian. Neurketa irabaziz gero, Espainiako Lehen Mailako talde bat jasoko dute Azkoitian.

Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen lehen taldeak gaur, osteguna, ezagutu du azaroaren 11n jokatuko duen Errege Kopako atariko neurketan aurrean izango duen aurkariaren izena; Asturiasko Real Titanico taldea izango dute aurkari gorrixek. Kanporaketa partida bakarrera jokatuko dute azkoitiarrek, eta zozketako parekatzean Anaitasunaren izena bigarrena atera dutenez, Asturiasko Pola de Laviana herrian jokatu beharko dute Xabier Artetxeren mutilek Errege Kopako atariko partida. Julen Guerrero futbol jokalari ohiak atera du Anaitasunaren eta bere aurkariaren izena.

Asturiarren aurkako atariko partida irabaziz gero, Anaitasuna futbol taldeak Espainiako Errege Kopako kanporaketa partida jokatuko du abenduaren 16an Txerloian. Urrats erraldoi bat aurrera emanda, Espainiako Lehen Mailako futbol talde baten aurka aritu beharko du Xabier Artetxe entrenatzaileak gidatzen duen taldeak.

Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan egin dute zozketa, eta streaming bidez "ilusioz" eta "urduritasunez" jarraitu dute nola jokalariek hala jarraitzaileek. Anaitasuna A multzoan parekatu zuen futbol federazioak zozketa egin ahal izateko, eta multzo horretatik atera dute Azkoitiko futbol taldearen aurkaria. Aukera posibleen artean zeuden, baita ere, Galiziako C.D. Ribadiuma, Kantabriako C.F Miengo, Errioxako Racing Rioja edota Gaztela eta Leongo C.D. Colegios Diocesanos, baina zozketak aurkaria Real Titanico taldea izatea erabaki du.

Real Titanicori buruz gehiago

Real Titanico Asturiasko Pola de Laviana herriko taldea da; 9.000 biztanle baino gutxiago bizi dira han. 1912. urtean sortu zen Real Titanico taldea, baina gerora taldea deseginda egon zen. 1964. urtean ekin zion berriz ere ibilbide berriari. Bere multzoan seigarrena da Real Titanico puntu bakarrarekin, Condal taldearen aurka bana berdindu baitzuen etxetik kanpo jokatutako neurketa bakarrean. Kamiseta zuri-gorria da etxeko taldearen lehen kamiseta, eta galtza eta galtzerdi urdinak janzten ditu. Hori horrela, Anaitasunak bere bigarren jantzia erabili beharko du Asturiasen.

Julen Guerrerok Anaitasunaren izena atera duen unea. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide