Indarrean diren neurri berrien inguruko argibide batzuk

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 27a, 12:58

Pandemiari aurre egiteko helburuarekin, eta alarma egoerak eman dion boterea baliatuta, neurri murriztaileak hartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horiek jasotzen dituen dekretua bart argitaratu dute EAEko aldizkari ofizialean, eta ondorioz, neurri berriak indarrean dira dagoeneko —dekretu honek baliorik gabe utzi ditu joan den ostiraletik herri gorrietan indarrean ziren neurriak—. Hona hemen bart onartutako dekretuak dioena, laburbilduta:

Etxeratze agindua. 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean ibili, ez bada lanera joateko, sendagaiak erosteko, medikuarenera edo albaitariarenera joateko, legezko betebeharrak betetzeko, zaintza lanetarako eta "ezinbestekoa" den kasuetarako.

Erkidegoko sartu-irtenak. Ezin da irten erkidegotik, ez bada lanera joateko, medikutara, ikasketa zentroetara, menpekotasunen bat dutenak eta adinekoak laguntzera edo zaintzera, azterketa ofizialak egitera, epaitegira edo notarioarenera... Hori bai, erkidegotik igaro daiteke, baldin eta beste leku batera joateko bidaia baldin bada.

Udalerrietako sartu-irtenak. Ezin da irten norberaren bizilekua den herritik eta ezin da beste udalerri batera joan, erkidegoko sartu-irtenetarako salbuespen kasu berberetan ez bada. Baina agindu horrek badu salbuespen bat: mugakide diren herrien arteko mugikortasuna onartuta dago, baldin eta helburua bada "banakako gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egitea".

Jendea elkartzea. Gehienez sei laguneko taldeak elkar daitezke toki itxietan zein aire zabalekoetan, pribatuetan zein publikoetan. Sei lagun baino gehiago elkartu daitezke soilik etxe berean bizi badira.

Ostalaritza. Tabernak eta jatetxeak 23:00etarako itxi behar dituzte eta ezin dituzte zabaldu 06:00ak arte. Ordutegi hori izango dute astegunetan eta jaiegunetan. Barruko edukiera erdira murriztuta izango dute eta ondo adierazita zenbatekoa den muga hori. Bezeroek ezin dute barran kontsumitu, soilik mahaietan eta eserita, eta jateko eta edadeko momentuan bakarrik kendu ahal izango dute maskara. Gasolindegietako tabernak dira ordutegi muga hori ez duten bakarrak. 23:00etatik 06:00etara garraioko profesionalei soilik eman diezaiekete zerbitzua horiek.

Elkarte gastronomikoak eta gazte lokalak. Itxita jarraituko dute.

Joko eta apustu etxeak. Tabernen ordutegi eta arautegi bera bete beharko dute.

Merkataritza establezimenduak. Gehienezko edukiera ondo adierazita izan beharko dute eta gutxienez egunean hirutan aireztatuko dute lokala. 20:00etatik 08:00etara ezin dute alkoholik saldu —ostalaritzan, bai—.

Azokak. Aire zabaleko azoketan, gehienez postuen erdiak jarri ahalko dira, postu batetik bestera metro eta erdiko tartea utzita. Bezeroen joan-etorria ere mugatuta egongo da.

Hilbeilak eta ehorzketak. Beilatokietan ezin dira bildu 30 pertsona baino gehiago aire zabalean, eta sei lagun barneko eremuetan. Ehorzketetan eta errausketetan, aire zabalean 30 lagunekoa da muga, eta barruan, hamar lagunekoa.

Kultu lekuak. Edukiera erdira mugatuta izango dute, eta metro eta erdiko distantzia gordeko da pertsona batetik bestera.

Kultur jarduerak. Erdira jaitsi beharko dute ekitaldia egin nahi den lekuko edukiera. Leku itxietan ezin dira 400 lagun baino gehiago elkartu, eta aire zabalekoetan gehienez 600 lagunekoa da muga. Metro eta erdiko distantzia gorde beharko da publikoan daudenen artean, etxe berean bizi direnen artean izan ezik.

Kirola. (Puntu honetan nahiko nahasgarria da dekretua, eta zalantzak argitu ahala, joango gara informazioa osatzen) Dekretuak dio taldeko edozein kirol jarduera eten egiten dela, eta bakarka bakarrik egin ahalko dela kirola. Baina hainbat salbuespen aipatzen ditu: gimnasioetako ikastaroak taldean egin daitezke —maskararekin—, eta onartuta daude "lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean" ari diren taldeen entrenamenduak eta partidak ere. Profesionalak ez direnen kasuan, gehienez sei laguneko entrenamenduak egin ditzakete, eta lehiaketak eten egin dira. Kirol instalazioetan, edukieraren erdia bete ahalko da gehienez. Eskola kirolari dagokionez, dekretuak dio 16 urtetik beherakoentzako "kirol jarduera antolatuak" eten egin direla. Eta geroxeago, berriz, honakoa dio dekretuak: "Aire zabaleko jarduera fisikoa banaka edo taldeka egin daiteke, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez ere sei pertsonako taldeetan".

Garraio publikoa. Ez dago edukiera mugarik garraio publikoetan. Garraio publikoak 24:00etan du abiatzeko azken ordua; taxiek ez dute ordutegi muga hori.

Auto pribatua. Ibilgailuak dituen eserleku guztiak bete ahal izango dira. Elkarrekin bizi direnek ez dute maskara jantzi beharrik izango; bestela, bai, 6 urtetik gorako herritar guztiek.

Hezkuntza arauta. Eskoletan orain arte bezala jarraituko dute, indarrean diren protokoloekin.

Euskaltegiak, akademiak, autoeskolak eta bestelako zentroak. Orain arte bezala jarraituko dute; gehienez 25 laguneko taldeetan eta beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide