Juaristi ISB aise nagusitu zen atzo, igandea, NCS Alcobendas taldearen aurka Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten partidan. Lehen bi laurdenetan jokaldi politak egin zituzten etxeko jokalariek, eta 57-32 iritsi ziren atsedenaldira. Partidaren bigarren zatian ere Azkoiti-Azpeitiko taldea gailendu zen kantxan, eta 106-74 amaitu zen norgehiagoka. Atzokoan Manuel Alejandro Suarez izan zen saskiratze gehien egin zituen etxeko jokalaria.
Ezohiko irudia nagusitu zen atzo Azpeitian; izan ere, egungo osasun eta segurtasun egoera dela-eta publikorik gabe jokatu zuten partida. Hala eta guztiz ere, norgehiagoka streamingbidez ikusteko aukera izan zuten jarraitzaileek. Atzoko garaipenaren ostean, bigarren postuan dago uneotan Juaristi ISB taldea, eta Grupo Alega Cantabria taldea da liderra. Datorren jardunaldia etxetik kanpo jokatuko dute Juaristi ISBko mutilek, Enerdrink UDEA Algeciras DAM taldearen aurka, azaroaren 1ean.