Madrilgo hainbat komunikabideren arabera, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ministro kontseilu berezia deituko du biharko, larrialdi egoera ezartzeko. Besteak beste, Hego Euskal Herriko agintariek –Maria Txibitek eta Iñigo Urkulluk– egin diote eskakizuna Sanchezi, koronabirusaren hedapena saihesteko neurri murriztaileak ezartzeko.
Urkulluk atzo egindako agerraldian adierazi zuen "ahalik eta azkarren eta arretaz" jardun nahi duela, "herritar guztien osasuna zaintzeko eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatzeko". Izan ere, behin larrialdi egoera ezarrita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Urkullu litzateke larrialdi egoeraren kudeaketa burua.
Ministro kontseilua biltzeko deialdi ofiziala falta dela aitortu dute gobernukideek; hala ere, bilkura ziurrenik bihar bertan egingo dela jakinarazi dute. Gobernuak ez du Kongresuaren onarpenik behar alarma egoera ezartzeko, baina bai bi aste baino gehiago luzatzeko. Hori dela eta, Salvador Illa Osasun ministroak Alderdi Popularrari alarma egoera ezartzeko babesa eskatu dio, erabakiak autonomia guztiei eragingo baitie.