Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak atzo egin zuen bilkura, egoera epidemiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan gaurtik neurri murriztaileak ezartzeko. Hainbat neurri murriztaile adostu zituzten, eta horiek gaur, ostirala, sartu dira indarrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako aginduarekin.
Horren haritik, udalak ere dekretu bidezko hainbat neurri berri iragarri ditu Azkoitirako, "agerraldi epidemikoa geldiarazteko". Kultur ekitaldiak mantentzeko erabaki hartu du Azkoitiko Udalak, baina bertan behera geldituko dira agindu berrira arte ostiraletako eta zapatuetako 22:00etako film emanaldiak. Elkargunean, bestalde, bertan behera gelditu dira kirol ikastaro eta jarduera guztiak. Horri lotuta, udalak gogorarazi du "kirola banaka" egin ahalko dela bakarrik. Larunbateroko azokan ere izango du eragina udalak egindako dekretuak, izan ere, postu kopurua erdira jaistea erabaki dute.
Beila eta ehorzketen inguruko neurriak ere argitu ditu udalak. Gehienez 30 lagunek izango dute elkartzeko aukera aire zabaleko guneetan, eta seik espazio itxietan, horiek bizikideak izan edo ez. Bestalde, hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa agurra egiteko tokia gune irekia bada, gehienez 30 pertsonak hartu ahal izango dute parte eta hamar lagunek toki itxietan.
Javier Zubizarreta alkateak "arauak betetzeko" eskatu die herritarrei, egoera "larria" dela eta "agindutakoa bete ezean okerragoa" izango den eszenatokia iritsiko dela azalduta. Gainera, alkateak Eusko Jaurlaritzaren gomendioak betetzeko ere eskatu du. "Garrantzitsuak dira momentuz babes juridikorik izan ez arren", azaldu du. Udalak aurkeztutako neurriak indarrean egongo dira bestelako erabakirik hartzen ez den bitartean.