Osasun Sailak beste hogei kasu berri hauteman ditu herrian. Atzo 21 kasu baieztatu zituzten, eta gaur bat gutxiago. Azken astean 74 kasu atzeman ditu Osasun Sailak Azkoitian, eta urria hasi zenez geroztik 193 herritarrek eman dute positibo. Osakidetzak Azkoitian lehen kasua zenbatu zuenetik, berriz, 387 azkoitiarrek eman dute positibo PCR proban. Intzidentzia tasa 1.176,08 da une honetan herrian.
Eskualdeko egoera
Osasun Sailak Azkoitian bezala, Azpeitian eta Zumaian atzeman zituen atzo ere eskualdeko kasu positibo gehienak. Azkoitiko hogei kasuez gain, egunean zehar gauzatutako PCR probetan –ez dute zehazten zenbat egiten dituzten herri bakoitzean– 49 positibo zenbatu zituen Urola Kostan: Azpeitian 21, Zumaian hamahiru, Zarautzen hamar, Zestoan lau eta Errezilen bat. Dena den, positiboen kopurua herenegungoa baino baxuagoa da; izan ere, 85 positibo detektatu zituzten orduan eskualdean.
Semaforo gorriak piztuta segitzen du Gipuzkoako 22 udalerritan, baita eskualdeko batzuetan ere, hala nola Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian. 5.000 biztanletik gorakoak herri horiek hamalau eguneko positibo kopuru metatu altua dute. Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuena duen hirugarren herria da Azpeitia: 1.414,81. Aurretik dira Ordizia –1.624,87– eta Beasain –1.524,8–. Azkoitiak eta Zumaiak ere intzidentzia tasa oso altua dute, 1.176,08 eta 1.129,77, hurrenez hurren. Errezilek ere izugarrizko intzidentzia tasa –4.299,36– dauka, baina ez da iristen neurriok indarrean jartzeko ezarri dituzten baldintzetara; izan ere, bost mila biztanle baino gutxiago ditu.
100.000 biztanleko 500dik gorako positibotasun tasa daukate, beraz, Azpeitiak, Azkoitiak eta Zumaiak, eta Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri murriztaileak dagoeneko indarrean daude leku horietan.
Kasuak gora eta gora
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positiboek ikaragarrizko gorakada izan dute azken egunetan, baina baita gauzatutako PCR kopuruak ere. Atzo, esaterako, COVID-19aren pandemiaren bigarren olatuan orain arteko test gehien egin zituzten eguna izan zen; 14.144 proba egin zituzten hiru lurralde horietan. Eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren: orain arteko positibo gehien atzeman zituzten atzo, 1.207. Horrenbestez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin zuten herritarren %8,5ek eman zuten positibo.
Lurraldeka honako hauek izan ziren datuak: Araban 87 positiboa; Bizkaian 561; eta Gipuzkoan 545. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 11 lagunek ere positibo eman zuten proban. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa altua da; izan ere, 452,51ra iritsi da dagoeneko. Lurraldeka, baina, badira aldeak: Arabako tasa 319,54 da; Bizkaikoa 370,21; eta Gipuzkoan 626,33.
Atzo 57 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, 339 lagun daude erietxeetan, herenegungo kopuru berbera. Dena den, gora egin du ZIUn ospitaleratutako pertsonen kopuruak, 69 baitira horiek –herenegun 62 ziren–.
Nafarroan behera egin du positiboen kopuruak: hain zuzen ere, 3.716 PCR eta antigeno proba egin eta 469 kasu atzeman zituzten han atzo. Horrenbestez, testak egin zituzten herritarren %12,6k eman zuten positibo. Atzo bi lagun hil ziren Nafarroan, eta gaur egun, 369 lagun daude hango ospitaleetan koronabirusaren ondorioz, herenegun baino 39 pertsona gehiago. Horietatik 43 daude ZIUn atzoz geroztik.