Jasokunde Kooperatibak joan den igandean, urriak 18, egin zuen Urteko Batzar Orokorra, Baztartxo antzokian. Kooperatibak jakinarazi du, beste urteetan batzarraren amaieran banatu ohi dituztela opariak, baina egungo egoera ikusita eta batzarrean edukiera mugatua eduki behar izan zutelako, opariak jasotzeko beste egun bat izendatu dute.
Hori horrela, datorren igandean, urriak 25, 11:30etik 13:30era bitartean herriko plazan dagoen Berdura plazan jaso ahalko dute Jasokunde Kooperatibako bazkideek beren urteko oparia. Herriko plazatik Berdura plazara sartzeko dagoen eskuin aldeko atea irekiko dute igandean.
Kooperatibak gogorarazi du, opariak jasotzeko bazkide txartela aurkeztea ezinbestekoa izango dela. Halaber, bazkideren batek igandean oparia ezingo balu jaso, ordezkapena beste pertsona bati uzteko aukera dagoela adierazi du kooperatibak; kasu horretan, ordezkapena egiten duen pertsonak titularraren bazkide txartela eta ordezkapen orria beteta aurkeztu beharko ditu.