Azkoitian kasu positiboen kopuruak beheranzko joera hartu duela dirudien arren, beste bi kasu positibo berri baieztatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azken astean 41 kasu atzeman dituzte, eta urria hasi zenez geroztik 152 herritarrek eman dute positibo. Osakidetzak Azkoitian lehen kasua zenbatu zuenetik 346 azkoitiarrek eman dute positibo PCR proban, hau da, herritarren %2,97ak. Intzidentzia tasa 1075,99koa da gaur gaurkoz Azkoitian, Ordizia, Beasain, Urnieta eta Azpeitiaren atzetik handiena.
Eskualdean, berriz, egoerak txarra izaten jarraitzen du, eta ia herri guztietan atzeman zituzten atzo, asteartea, kasu berriak; izan ere, 11 herrietatik zortzitan egon dira PCR probetan positibo eman duten herritarrak. Igoerarik handiena Zumaian izan da, hamasei kasu zenbatu baitzituzten bertan atzo –herenegun bost izan ziren–, eta 916,03ko intzidentzia tasa du uneotan.
Azpeitian eta Azkoitian beherantz egin dute positiboek; sei eta bi kasu atzeman dituzte herri horietan hurrenez hurren, baina oraindik ere 1.000tik gorako intzidentzia tasa izaten jarraitzen dute bi herriek. Hain zuzen ere, Azkoitia eta Azpeitiarekin batera, Zumaia da semaforo gorrian dauden eskualdeko herriak. Gainontzeko herrietan honakoak izan dira datuak: Zarautzen sei, Errezilen lau, Getarian hiru, Zestoan bi eta Orion bat. Aian, Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, ez dute kasurik atzeman.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 819 pertsonak –Gipuzkoan, 377k– eman zuten atzo positibo PCR probetan, herenegun baino 194 herritar gehiagok. Hiru lurralde horietako intzidentzia tasarik altuena Gipuzkoak du, 100.000 biztanleko 533,61eko tasarekin. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek bilera telematikoa egin zuten atzo lurraldeko alkateekin, eta Markel Olano ahaldun nagusiak harreman sozialak “ahalik eta gehien” mugatzeko esatu zien gipuzkoarrei.
Bestalde, erietxeetako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du: 328 pertsona daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 53 ospitaleratze berri izan ziren, herenegun baino zortzi gehiago. ZIUn, berriz, 59 pertsona daude oraindik.
Egoera kontuan hartuta, 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu aztertzeko bilera egingo du bihar babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordeak (LABI).