Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu aztertzeko bilera egingo du bihar, osteguna, babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordea (LABI). Azkoitia da bi baldintza horiek betetzen dituen herrietako bat (11.983 biztanle ditu eta 1.075,99 da tasa), eta ikusteko dago zer erabakiko duten biharko bileran.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiak, hiru lurralde horietako hiriburuetako alkateak eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria elkartuko dira biharko bilkuran, COVID-19aren pandemiak egunotan izan duen hedapena mugatzeko neurriak izango dituzte hizpide. Hasiera batean ostiralean ziren bilera egitekoak, baina biharko 18:00etara aurreratu dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du bilkura aurreratu egin dutela; izan ere, haren arabera, bihar jakingo baitute EAEko Auzitegi Nagusiak zer erabakitzen duen Jaurlaritzak joan zen zapatuan iragarri zituen neurriez. Horrez gain, Espainiako Gobernuak erkidegoei zer proposatzen dien ere jakingo dute ordurako, baita azken egunetako datu epidemiologikoen garapena zer-nolakoa izan den ere.