Positibo berrien kopurua jaitsi arren, intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du Azkoitian

Anartz Izagirre 2020ko urr. 20a, 14:21

Beste hiru positibo atzeman zituzten atzo herrian, eta Azpeitiarekin batera, Gipuzkoako intzidentzia tasarik altuenetakoa du Azkoitiak (1.109,35). Gipuzkoak, berriz, 100.000 biztanleko 500 positibotik gorako tasa igaro du.

Azken egunetan baino positibo berri gutxiago atzeman zituzten atzo herrian, hiru, baina hala ere, datuek ez dute hobera egiten; oraindik ere Gipuzkoako intzidentzia tasarik altuenetakoa du Azkoitiak. 1.109,35 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. 

Azkoitiko hiruez gain, eskualdeko beste 27 lagunek eman zuten atzo positibo PCR probetan. Urola Kostako kasuen ia erdiak Azpeitian zenbatu zituzten, hamalau, hain zuzen ere. Gainontzeko herrietan, berriz, honako hauek izan dira datuak: Zumaian bost positibo, Errezilen hiru, Getarian eta Zestoan bina eta Zarautzen bakarra. Dagoeneko hiru dira semaforo gorrian dauden eskualdeko herriak: Azpeitia (1.195,62), Azkoitia (1.109,35) eta Zumaia (763,36). Horrez gain, aipatzekoa da Errezilgo kasua ere, 3.184,71eko intzidentzia tasa baitu.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 625 kasu berri zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 32 kasu gutxiago. Hiru herrialde horietan atzo gauzatu zituzten PCR probak, berriz, 8.953 izan ziren, herenegun baino 1.115 test gehiago. Gipuzkoan izan dira hiru herrialde horietan daturik okerrenak, kasuen ia erdiak (304) lurralde horretan hauteman baitituzte. Gainera, lehen aldiz Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasa igaro du —506,14ko tasa du Gipuzkoak—, baina oraindik ez dute erakundeek halako neurririk iragarri. Dena den, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak urgentziazko bilera egingo du herrietako alkateekin gaur arratsaldean.

Ospitaleratzeei dagokienez, 312 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun erietxeetan dauden gaixoak —herenegun 300 ziren—, eta atzo 45 pertsona ospitaleratu zituzten, herenegun baino hamabi pertsona gehiago, hain justu. ZIUn dauden eriak, berriz, 59 dira, lau gehiago.

Nafarroan, berriz, 578 positibo detektatu zituzten atzo, egindako 4.156 PCR probetan. Horrek esan nahi du proba egin zuten herritarren %13,9k eman zutela positibo, Osasunaren Mundu Erankundeak gomendatzen duen %5aren oso gainetik, beraz. 34 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta bost lagun hil ziren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide