Osasun Sailak 11 positibo atzeman ditu asteburuan Azkoitian

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 19a, 13:30

Azkoitiko hamalau eguneko positibo kopuru metatuaren tasa 1.101,01 da. Azken asteetan tasarik altuena zuen herria izan bada ere, aurre hartu dio Azpeitiak, eta horrek du 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuena: 1.142,48.

Orain arteko daturik txarrenak utzi dituzte PCR probek asteburuan Urola Kostan. Izan ere, ostiraleko 50 positiboez gain, zapatuan eta igandean beste 85 positibo detektatu zituen Osasun Sailak eskualdean. Azkoitian 11 positibo atzeman ditu Osasun Sailak asteburuan. Honako hauek dira azken bi egunetako datuak: Azkoitian 11 positibo, Azpeitian 34, Zumaian 23, Zarautzen bederatzi, Zestoan zortzi, Errezilen zazpi, Getarian bi eta Orion bat.

Azkoitiko hamalau eguneko positibo kopuru metatuaren tasa 1.101,01 da. Azken asteetan tasarik altuena zuen herria izan bada ere, aurre hartu dio Azpeitiak, eta horrek du 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuena: 1.142,48.

Gipuzkoako tasari begira

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.838 PCR proba gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta 657 positibo atzeman zituen. Hau da, proba gauzatu zuten herritarren %8,4k eman zuten positibo atzokoan. Gipuzkoan herenegun baino kasu gutxiago detektatu zituzten –275 lagunek eman zuten positibo–, baina hamalau eguneko positibo metatuen kopuruak gora egin du: 479,37era iritsi da. Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasatik gertu da, beraz, Gipuzkoa oraintsu.

Bizkaian eta Araban baxuagoa da tasa horren zenbatekoa, baina atzokoan Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 313. Araban, berriz, 59 positibo zenbatu zituzten atzo. Dena den, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko tasa 360,74 da. Hau da, 100.000 biztanleko 360,74 lagunek eman dute positibo azken hamalau egunetan. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, puntuaren gainetik dago azken astebetean: 1,26 da orain.

Atzo 33 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietan 300 lagun daude erietxeratuta gaur egun –herengun baino hamabost gehiago–. ZIUn diren pertsonen kopuruak ere gora egin du herenegundik: zapatuan 52 ziren, eta 55 atzo.

Nafarroako Osasun Institutuak ere eman ditu datuak. 2.719 PCR proba egin ziren atzo, eta horietatik 488 positibo eman ziren, egindako proben %17,1. Bi lagun hil ziren atzo Nafarroan. Ospitaleratuak 296 dira –bezperan baino 14 gehiago–; horietatik 36 daude Zainketa Intentsiboko Unitatean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide