Alkateak bizitza soziala eta ospakizunak "murrizteko beharra" azpimarratu du

Andoni Elduaien 2020ko urr. 16a, 15:02

Javier Zubizarreta alkatea, bilera telematikoan. (Argazkia: udala)

Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin bilera egin dute goizean Goierriko eta Urolako alkateek, eta han parte hartu du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak. Bizitza soziala eta familia arteko ospakizunak "murrizteko" deia egin du, kutsadura gehien sortzen diren esparruak horiek direla arrazoituta.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, Goierriko eta Urolako beste hainbat alkaterekin batera, bilera telematikoa egin du Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin gaur goizean. Bileran parte hartu dute Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea, Josu Bujanda Ertzaintzako burua eta Azpeitia, Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako alkateek.

Udalak azaldu duenez, bileraren helburua pandemiaren bilakaeraren inguruan "hausnarketa partekatua" egitea izan da. Goizeko bileran ondarioztatu dutena ez dela "berria" azaldu du Javier Zubizarreta alkateak. "Konbentzitu beharra daukagu bizitza soziala eta familia arteko ospakizunak murriztu behar ditugula, oraintxe bertan esparru horietan ari baitira kutsadurak sortzen bereziki".

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, bestalde, COVID-19aren bilakaera izan du hizpide. "Azken egunetan datuek gorantz egin dute, eta emandako informazioaren arabera, uneoro ari dira baloratzen neurri berriak hartu ala ez. Edonola ere, kolegiatutako erabakiak izan behar dute. Momentuz indarrean dagoen dekretuari heldu behar diogu, abuztuaren 19an argitaratutakoari".

Indarrean dagoen dektretua "zorrotz" bete ahal izateko, Zubizarreta alkateak "baliabide gehiagoren beharra" aipatu du bileran. Horrez gain, "espediente zigortzaileak azkartzeko" eskatu du. "Udaltzaingoak mugatua du isunak jartzeko eskumena. COVID-19ari lotutako arau-hauste gehienak tramitatzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio", nabarmendu du alkateak. Udalak jakinarazi duenez, Azkoitiak une honetan hamabi espediente ditu tramitean eta aipatu zuzendaritzak ebazpena emateko zain.

San Jose egoitzako emaitzak

Gipuzkoako Foru Aldundiak prebentzioko PCR probak egin ditu azken egunetan Azkoitiko San Jose Egoitzan. Erabiltzaileei edo egoiliarrei eta bertako langileei egin zizkieten PCR probak, udalak gaur jakinarazi du guztien emaitza negatiboa eman dutela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide