Azkoitia-Azpeitia ISBk asteburuan bi partida jokatuko ditu Elkargunean

Andoni Elduaien 2020ko urr. 15a, 10:28

Intza Lizarazu taldeko kapitaina. (Argazkia: ISB)

Zapatuan eta igandean 18:00etan jokatuko dute Azkoitia-Azpeitia ISBko neskek Azkoitiko kiroldegian.

Azkoitia-Azpeitia ISBk joan den asteburuan hasi zuen LF2 liga. Magectias taldearen aurka 48-67 irabazita ekin zion sasoi berriai ISBk, eta datorren asteburuan Azkoitian hitzordu bikoitza dute. Izan ere, larunbatean eta igandean ligako partida bana jokatuko ditu Andoni Lazkanok gidatzen duen taldeak, Elkargunean. Larunbatean, ABDA Aviles taldearen aurka jokatuko dute neurketa, 18:00etan.

Igandean, ordu berean, Ausarta Barakaldo taldea izango dute arerio Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko neskek. Bizkaitarren aurkako neurketa urriko lehen asteburuan jokatzekoak ziren, baina lehen jardunaldia bertan behera gelditu zen osorik; horregatik, asteburuan jokatuko dute atzeratuta gelditu zen neurketa.

Azkoitiko kiroldegiaren edukiera mugatua izango da osasun egoeragatik, eta ISBk gogorarazi du bi partidetarako sarrerak Interneten erosi beharko direla. Sarrerak erosten dituzten zaleek, gainera, beren datuak zehaztu beharko dituzte. Bazkideek, bestalde, ostiralera bitartean euro baten truke erosi ahalko dute sarrera. Erabiltzaile bakoitzak lau sarrera erosi ahalko ditu gehienez. ISBk azaldu du, sarrerak erosterakoan arazoak sortuz gero 675 70 70 10 telefono zenbakira deitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide