Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuenez, joan den ostiralean, urriak 9, prebentzioko PCR probak egiten hasi ziren Foru Aldundiko eta DYAko osasun taldeak Gipuzkoako hainbat adinekoen egoitzetan, tartean Azkoitiko San Jose egoitzan. Osasun egoera kontuan hartuta, intzidentzia tasa handiena duten herrietan hasi dira probak egiten.
Aldundiaren asmoa Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 1.500 PCR proba egitea da. Azkoitiko San Jose egoitzan, esaterako, egin dituzte probak dagoeneko; egoitzetako erabiltzaileei eta langileei egin dizkiete testak. "Birusa egoitzetan sartzea prebenitzea, eta hala badagokio, detektatu eta hedapena geldiaraztea" nahi dute aldundiko eta DYAko osasun taldeek.
Azkoitian egin duten bezala, testak egingo dituzte Tolosan, Villabonan, Zizurkilen, Azpeitian, Beasainen, Seguran eta Legazpin.