Azkoitian bukatu dute dagoeneko baheketa selektiboa, eta orotara, herritarren %1,14k eman dute positibo PCR probetan; hau da, PCR proba egin zuten 3.069 herritarretatik 35ek. Dena den, positibo berriak agertzen jarraitzen dute herrian: atzo beste hamar positibo zenbatu zituzten, eta 88 izan dira asken astean zenbatutakoak. Oraindik ere 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean hamalau eguneko positibo metatuen tasa altuena izaten jarraitzen du Azkoitiak: 1025,94 da. I(D)/I(D-7) intzidentzia tasa ere altua da: 1,81.
Eskualdeko herrietan Azpeitian bakarrik detektatu dituzte Azkoitian baino kasu berri gehiago atzo: hamabost, hain zuzen. Azken astean 76 positibo atzeman dituzte han. Horregatik, PCR bidezko baheketa selektiboa egiten hasiko dira bihar, osteguna. Gainerako herrietan oso positibo gutxi detektatu dituzte: Zumaian, Aian eta Errezilen bana. Beraz, horiekin eta Azpeitiko eta Azkoitiko kasuekin, atzokoan, guztira, 28 positibo detektatu zituen Osasun Sailak Urola Kostan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.466 PCR gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta proba horietan 410 lagunek eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %5,5ek, alegia. Herenegundik jaitsi egin da ehuneko hori; izan ere, orduan PCRa egin zuten herritarren %7,7,82k ema zuten positibo. Positibo kopuru altuena Gipuzkoan atzeman zuten: 186. Bizkaian, berriz, 179 detektatu zituzten, eta 39 Araban.
Atzokoan 33 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan, herenegun baino hamazazpi gehiago. Orotara, 263 lagun daude erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; herenegun baino hiru gehiago. Dena den, herenegun baino bi lagun gutxiago daude ZIUn: 50.
Nafarroan, berriz, 378 positibo zenbatu zituzten atzokoan, 3.013 PCR proba gauzatuta. Horrenbestez, proba egin zuten herritarren %12,5ek eman zuen positibo. COVID-19aren hedapena geldiarazteko asmoz, lurralde horretan dagoeneko indarrean dira gobernuak ezarritako neurri murriztaileak.