Eginoko erreka "zabortegi" bihurtu dela salatu du Eguzki erakunde ekologistak

Andoni Elduaien 2020ko urr. 14a, 12:00

Irailaren 30ean ateratako argazkia. (Argazkiak eta bideoa: Eguzki)

Erakunde ekologistak Egino errekaren egoera udaltzainen aurrean salatuko duela azaldu du, eta errekan geratzen diren zaborrak eta ertzetakoak kentzeko eskatuko dio Azkoitiko Udalari.

Eguzki erakunde ekologistak Azkoitiko Egino erreka "zabortegi" bihurtu izana salatu du. Egino errekan gertatzen dena "kasualitatea ez" dela salatu du Eguzkik. "Zaborrak ibaira botatzea ohikoa da gurean, eta Azkoitia ez da salbuespena", azaldu du. Irudiak "lotsagarriak" direla dio erakundeak, baina, bestalde, "aukera berri bat" irekitzen dela azpimarratu du. "Has gaitezen behingoz errekak zaborrez beteta edukitzeak sortzen duen arazoaz eta behar duen konponbideaz argi eta garbi hitz egiten", adierazi du Eguzkik.

Errekek itsasora bidean "bizitza iturria" izan behar dutela uste du erakundeak, baina salatu du "kutsadura iturria" direla gaur egun. "Eginok agerian utzi du gure ibaiak benetako zabor zuloak direla. Euria egin orduko errekak hustubide bihurtzen dira, eta zabor hori guztia beste zabortegi handi batera iritsiko da: itsasora", nabarmendu du Eguzki erakunde ekologistak.

Gainera, erreken egungo egoerak inori axola ez izateak "kezka" sortzen diola azaldu du erakunde ekologistak. "Gure ibaietara ehunka kilo zabor iristea bezainbeste kezkatzen gaitu honek inori axola ez izatea. Praktika hauek aspalditik datoz, eta legez kanpokoak badira ere, guztiz normalizatuta daude", salatu du. Eguzkik nabarmendu du debekatuta dagoela zaborrak ibaira botatzea, "ingurumenari eta osasungarritasun baldintzei kalte" egiten dielako. Erakundearen hitzetan ekintza horiek "arau-hauste larri" gisa sailkatuta daude.

Horren aurrean, Eguzki erakunde ekologistak uste du Azkoitiko Udalak "neurriak hartu" beharko lituzkeela. "Ez da boluntarismo edo kontzientzia kontu hutsa. Ingurumenaren aurkako erasoa da, arau-hauste bat; udalak neurriak hartu beharko lituzke ezinbestean". Erakunde ekologistaren iritziz, "ez da zaila" Eginokoa konpontzea, eta udalari gogorarazi dio "kontzientzia lana egiteaz gain, isunak jartzeko eskumena" ere baduela. "Erakunde publikoek ibaiei bizkarra emanda bizitzeari utzi behar diote. Eginon bezala, arazo asko erraz konpondu daitezke ingurua ezagututa", adierazi du. Era berean, erakundeak dio herritarrek udala "adi" dagoela ikusten dutenean, gauzak "aldatzen" hasiko direla. Errekaren egoera udaltzainen aurrean salatuko duela azaldu du Eguzkik, eta errekako eta bere bi aldeetako zaborrak kentzeko eskatuko dio udalari.

Eguzkik Maxixatzen.eus-i bidalitako bideoa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide