Osakidetzak 49 kasu positibo hauteman ditu azken lau egunetan Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 13a, 13:24

Txostenean Osasun Sailak ez du zehaztu azken positiboak baheketa selektiborako egindako PCR probetan atzemandako kasuak diren. Aste honetan espero da baheketa selektiboaren inguruko txostena. 

Gaur, asteartea, eman ditu Osasun Sailak jakitera herriz herrikako PCR proben emaitzak. Azkoitian 49 kasu positibo hauteman ditu joan den ostiraletik atzora bitartean. Ostiralean hiru kasu detektatu zituen, larunbatean hemeretzi, eta igandean eta astelehenean 11na kasu zenbatu zituen. Intzidentzia tasak ere nabarmen egin du gora. Osasun Sailak ez du zehaztu oraindik azken egunetan baieztatutako kasu positiboak Gurea pilotalekuan egindako baheketa selektiboko emaitzak diren edo ez; aste honetan espero da txostena kaleratzea. Osasun Sailak lehen kasua herrian zenbatu zuenetik, 295 herritarrek eman dute positibo PCR proban; urrian, dagoeneko, 101 azkoitiarrek eman dute positibo.

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak, bestalde, nabarmen egin du gora herrian; gaur gaurkoz 984,24koa da tasa. Hori horrela, 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean tasa handiena duen herria izaten jarraitzen du Azkoitiak. Era berean, I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoiak ere gora egin du; 1,76koa dela adierazi du txostenean Osasun Sailak, eta beraz, goranzkoa da kasu berrien intzidentzia tasaren joera.

Urola Kosta eskualdean, ostera, 122 kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak. Kasu horiek guztietatik ia guztiak Azkoitian eta Azpeitian hautemandakoak izan dira. Azkoitiko 49 kasuez gain, Azpeitian 42 kasu positibo detektatu ditu Osasun Sailak azken lau egunetan, hamalau Zarautzen, sei Zumaian, launa Errezilen eta Orion, bi Zestoan eta bat Getarian. Gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu ostiraletik. Azkoitiaren ondoren, Azpeitiak du 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa handiena; 763,87koa da tasa han. 

Hego Euskal Herriko egoera

Atzo, astelehena, 6.763 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Proba horietan, 529 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zutenen %7,82ak eman du positibo. Kasu gehien Bizkaian zenbatu dituzte, 255 guztira. Gipuzkoan, bestalde, 224 kasu detektatu dituzte, eta 44 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste sei lagunek ere eman dute positibo, ordea.

Hiru lurralde horietako erietxeetan, 260 lagun daude ospitaleratuta gaur gaurkoz; atzo ospitaleratu zituzten beste hamasei pertsona. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), gainera, 52 pertsona daude, Osasun Sailaren arabera "COVID-19ak eraginda". Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, azkenik, 1,29koa da. Urrian apurka-apurka gora egiten ari da indizea.

Nafarroako datuak ez ditu jakinarazi oraindik Nafarroako Osasun Institutuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide