Positiboen kopuruak nabarmen egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gora Nafarroan

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 12a, 14:24

Herenegun baino berrehun positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina aipatzeko da 3.000 PCR proba gutxiago egin zituztela; proba egin zuten herritarren %5,3k eman zuten positibo. Atzo ere Gipuzkoan atzeman zituzten positibo gehien –154–, baina larunbatean baino askoz gutxiago izan ziren –263–. Nafarroan 546 positibo atzeman dituzte azken orduetan, eta bihartik aurrera hainbat neurri murriztaile ezarriko ditu gobernuak lurralde osoan.

Osasun Sailak atzemandako positiboen kopuruak nabarmen egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: herenegun 564 zenbatu zituen hiru lurraldeetan; atzo, berriz, 364. Aipatzekoa da, ordea, egindako PCR proben kopurua ere nabarmen txikiagoa izan zela: 9.922 izan ziren herengun, eta 6.872 izan ziren atzo.

Herenegungo joerari eutsiz, atzokoan ere Gipuzkoan detektatu zituzten positiborik gehien –154–, baina, hala ere, larunbatean baino askoz gutxiago izan ziren, orduan atzeman baitzituzten pandemia hasi zenetik egun bakarrean izandako positibo gehien –263–. Bizkaian ere jaitsiera nabarmena izan du positiboen kopuruak: 244 izan ziren larunbatean, eta 140 atzo. Araban, ostera, herenegun baino hamabost positibo gehiago zenbatu zituzten atzo: 55 detektatu zituzten larunbatean eta 70 izan ziren atzo.

Hiru lurralde horietako positibitate tasak Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako %5aren gainetik segitzen du; hain zuzen ere, atzo PCR proba egin zuten herritarren %5,3k eman zuten positibo. Dena dela, hobera egin du tasa horrek, herenegun %5,7 izan baitziren proba egin zutenetatik positibo eman zuten herritarrak.

Atzo 22 lagun ospitaleratu zituzten koronabirusa tarteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 47 lagun daude ZIUn, atzoko kopuru bera. Herriz herriko datuak eta RO indizea bihar jakinaraziko ditu Osakidetzak.

Datu kezkagarriak utzi zituen atzo koronabirusak Nafarroan. Azken egunetako joerari jarraituz, gora egin dute positiboek: izan ere, atzokoan 546 positibo detektatu zituen Nafarroako Osasun Sailak. Gainera, 27 lagun ospitaleratu zituzten atzo lurralde horretan. Gaur egun, 281 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan COVID-19a tarteko; horietatik 34 daude ZIUn. Nafarroako egoera kezkagarria dela eta, gaur gauerditik aurrera, gobernuak hainbat neurri murriztaile jarriko ditu indarrean lurralde osoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide