Garaipenarekin ekin dio Juaristi ISBk liga txapelketari

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 12a, 11:41

Atzoko neurketaren une bat. (Utzitakoa)

Nagusitasunez (85-68) hartu zuen mendean Innoca Chef taldea atzo, Azpeitiko kiroldegian, Espainiako Zilarrezko LEB Ligaren lehen jardunaldian.

2020-2021 saskibaloi denboraldiko lehen partida jokatu zuen atzo Juaristi ISBk, eta estreinaldi ona eman dio Espainiako Zilarrezko LEB Ligari maila horretako Koparen egungo txapeldunak. Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak 85 eta 68 irabazi zion etxean, Azpeitiko kiroldegian, Zamorako Innova Chef taldeari.

Juaristikoek garaipen garbia sinatu zuten, uneoro aurretik ibili ziren etxekoak, eta atsedenaldiaren ondoren, hirugarren laurdenean, utzi zuten ia erabakita neurketa. Atsedenaldiaren aurretik lehiari eustea lortu zuten Zamorakoek (25-20 eta 19-16 emaitzekin bukatu ziren lehen bi laurdenak), baina hirugarren laurdenean markagailuan zuloa nabarmen handitu zuen Juaristi ISBk (21-12), eta azken laurdenean ordura arte lortutako abantailari eutsi zion (20-20).

Urtero legez, aurpegi berri asko ditu aurten ere Iraurgi Saskibaloiaren gizonezkoen talde nagusiak, eta horiek lanean ikusteko aukera izan zuten atzo arratsaldean kiroldegira joan ziren zaletuek. Jokalari berrietako bat, Baskoniak utzitako Pavel Savkov, izan zen taldeko saskiratzaile onena, 22 punturekin. Kanpoko jaurtiketetan erakustaldia eman zuen Juaristik atzo: 17 hiruko sartu zituen denera.

Azkoitia-Azpeitia ISB ere garaile

Berez aurreko asteburuan jokatzekoa zen lehen jardunaldia bertan behera gelditu ondoren, joan den asteburu honetan ekin dio emakumeen Espainiako LF2 ligari Azkoitia-Azpeitia ISBk ere.

Kanariar Uharteetaraino egindako bidaia ez du hutsaren truk egin Andoni Lazkanoren taldeak, eta aise menderatu zuen (48-67) Las Palmaseko Magec Tías Clvdg taldea, zapatuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide