Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin dute PCR probetan atzemandako positiboek, baina Gipuzkoan orain arteko zifrarik altuena atzeman dute. Hain zuzen ere, atzo 9.922 PCR proba gauzatu zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, eta 564 positibo detektatu zituen –herengun baino hogei gutxiago–.
Dena den, Gipuzkoan pandemia hasi zenetik izan den positibo kopuru handiena zenbatu dute: atzo 263 positibo izan ziren. Araban, berriz, 55 kasu detektatu dituzte, eta Bizkaian 244. Horiez gain, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren bi pertsonek ere eman zuten positibo atzo gauzatutako probetan.
Hiru lurralde horietako positibitate tasak Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako %5aren gainetik segitzen du; hain zuzen ere, atzo PCR proba egin zuten herritarren %5,68k eman zuten positibo. Atzoko tasaren parean da, beraz, gaur-gaurkoz, proba egin eta positibo eman dutenen ehunekoa.
Atzo hamasei lagun ospitaleratu zituzten koronabirusa tarteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 47 lagun daude ZIUn, atzo baino bi gehiago. Herriz herriko datuak eta RO indizea astelehenean jakinaraziko ditu Osakidetzak.
Bestalde, azken asteetan Nafarroako datuek okerrera egin dutela eta, hango gobernuak lurralde osoan neurri murriztaileak jarriko ditu indarrean, urriaren 13ko, asteartea, gauerdian. Besteak beste, ostalaritzako guneen edukiera %30era jaitsiko dute, terrazetan %50era, eta tabernek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dituzte ateak. Merkataritza gune handietan edukiera %40koa izango da, eta zinema aretoetan, antzokietan eta kulturguneetan %30ekoa. Elkarte gastronomikoak itxi egingo dituzte. Gainera, Nafarroako udalekneurri murriztaileagoak ezartzeko aukera izango dute. Informazio geiago, Berria.eus-en.