Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur, zapatua, egin ditu COVID-19aren transmisio katea mozteko helburuz Azkoitian gauzatu duen baheketa selektiborako azken PCR probak. Eguerdian eman ditu horiek bukatutzat, eta Gurea pilotalekua desifektatzen hasiko dira aurki. Osasun Sailak oraingoz ez du zehaztu noiz emango dituen ezagutzera egin duen baheketaren emaitzak.
Asteazkenaz geroztik, 3.152 herritarrek egin dute PCRa; hau da, proba egitera deituta zeuden herritarren erdiek baino gutxiagok –%48 inguru–. 17 eta 60 urte bitarteko 6.567 lagun bizi dira Azkoitian. Javier Zubizarreta alkateak azaldu duenez, kopuru "garrantzitsua" da proba egin dutenena; izan ere, hark adierazi duenez, Azkoitiko biztanleen %27,17k egin dute proba. "Uste dut herritarren gehiengoak eskertu duela proba egiteko aukera izatea".
Alkateak esker ona adierazi ditu proba egiteko prestutasuna erakutsi duten herritarrei: "Erantzukizun kontua da eta erakusten du herri honek duen kontzientzia birusaren inguruan". Osasun langileei eta baheketan parte hartu duten pertsona guztiei ere eskerrak eman dizkie, "duten onena" eman dutelako.
Asteazkenean eta ostegunean 2.000 proba gauzatu zituen Osakidetzak Gurea frontoian. Hain zuzen ere, 700 eta 1.300 PCR gauzatu zituzten bi egun haietan, hurrenez hurren. Atzo, berriz, beste 950 herritarrek egin zuten, eta gaur 202k.
Urria hasi zenetik, guztira, 52 herritarrek eman dute positibo Azkoitian, eta lehen kasua agertu zenetik 246k.