Kasu positiboek behera egin dute herrian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 9a, 13:23

Sei kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak Azkoitian; osasun erakundeak atzo emandako datua baino ia lau aldiz txikiagoa da gaurkoa. Gaur beste 1.000 herritar daude PCR proba egitera deituta.

Osasun Sailak sei kasu positibo berri zenbatu ditu Azkoitian. Datu hori atzo emandako kopurua baino ia lau aldiz txikiagoa da, izan ere, herenegun 23 lagunek eman zuten positibo. Osasun Saileko iturriek, ordea, ez dute zehaztu azken bi egunetan jakinarazitako positiboak Gurea pilotalekuan egindako baheketa selektiboko emaitzak diren. Osakidetzak ez du zehaztu noiz emango duen ezagutzera Azkoitiko baheketa lanaren emaitza.

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa, bestalde, 717,32koa da herrian; gora egin du atzotik. Hori horrela, 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean tasa handiena du Azkoitiak. Era berean, I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoia Azkoitian 1,25ekoa dela adierazi du txostenean Osasun Sailak, eta beraz, kasu berrien intzidentzia tasaren joera goranzkoa da.

Lehen bi egunetan 2.000 PCR proba egin ditu Osakidetzak Gurea pilotalekuan, baheketa selektiboa egiteko. Asteazkenean 700 herritarrek egin zuten PCR proba, atzo, osteguna, 1.300 lagunek. Gaurko, berriz, beste 1.000 azkoitiar daude testa egiteko hitzordua hartuta. Osakidetzak bihar eguerdira arte egingo ditu PCR-ak frontoian. Osasun Sailak Azkoitian abiatu duen borondatezko baheketa selektiboaren helburua da sintomarik gabeko herritarrak detektatzea eta horrela transmisio katea moztea. Urria hasi zenetik, azken astean, guztira 52 herritarrek eman dute positibo Azkoitian, eta lehen kasua agertu zenez geroztik, 246k. 

Eskualdean, ostera, beste 22 pertsonak eman dute positibo atzo Osakidetzak egindako PCR probetan. Herriz herri datuak aztertuta, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian zazpina positibo hauteman ditu Osasun Sailak; beste kasua Errezilen zenbatu du. Eskualdeko gainerako herrietan ez du kasu bakar bat ere detektatu.

Hego Euskal Herriko egoera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoko datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo 9.502 PCR proba egin zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan –horietatik 1.300 Azkoitian–, eta guztira 458 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zutenen %4,82ak eman du positibo. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu dituzte kasu positibo gehien: 198 kasu guztira. Gipuzkoan, aldiz, 191 kasu detekatu ditu Osakidetzak eta 61 kasu Araban. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi laguni ere positiboa detektatu diete.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 237 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, atzo baino bat gutxiago. Atzo beste 37 lagun ospitaleratu behar izan zituzten hiru lurraldeetan, Osasun Sailaren arabera COVID-19 gaitzaren sintomekin. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 52 pertsona daude.  Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea, aldiz, 1,04koa da hiru lurraldeetako datuak batuta.

Nafarroan, azkenik, 449 kasu positibo zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak; ekainetik hona egun bakar batean hautemandako kopuru handiena da hori. 3.208 PCR proba egin zituzten Nafarroan, eta beraz, proba egindakoen ia %14ak eman du positibo. Erietxeetan, bestalde, 259 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 30 ZIUn. Halaber, beste lau heriotza ere jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide