Gaur eguerdian hasi dira Azkoitian Osakidetzak agindutako baheketa selektiboa PCR proben bitartez gauzatzen. Herritar ugari elkartu da 13:00etarako Gurea pilotalekuko atearen aurrean proba egin ahal izateko; 13:30erako, esaterako, 400 herritar baino gehiagok eskatu dute proba egiteko hitzordua. 6.700 azkoitiar ingururi egin dio deialdia Osakidetzak, eta proba egin eta emaitza jakin bitartean, herritarrek ez dute etxean isolatu beharrik izango.
Ignacio Garitano Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak, bestalde, arratsaldean eman du prentsaurrekoa, eta hizpide izan du Azkoitian egingo duten baheketa selektiboa. Garitanok azaldu du, azken zazpi egunetako intzidentzia tasa ez dela izan Osasun Sailak Azkoitian baheketa egin ahal izateko kontuan hartu duen irizpide bakarra. Biztanle kopurua, Azkoitiko azken hamalau egunetako egoera eta aurretik zekarren joera ere kontuan hartu dituzte haren hitzetan. Gainera, Azkoitiko azken egunetako joera "goranzkoa" dela nabarmendu du Osasun Saileko koordinatzaileak. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako positibo kopuruaren tasa 569,23koa da Azkoitian.
Baheketa selektiboak "kutsatzeen gorakada azkarrago eteten" lagunduko duela uste du Garitanok. Halere, kasu gehiago "detektatzeko", eta ondorioz, transmisio kateak "hausteko" ere balioko duela esan du. Era berean, baheketa 17 eta 60 urte arteko herritarrei zergatik egingo dieten ere azaldu du Garitanok. Hark adierazi du, 17 eta 39 urte artekoen kolektiboak duela gizartean "tarterik zabalena", eta intzidentzia tasa handiena ere horiek dutela. Aldiz, 60 urtetik gorakoetan, tasa baxuagoa dela zehaztu du.
Azkoitiarrei PCR proba egiteko eskatu die Garitanok prentsaurrekoan. "Boluntarioa da proba, baina guztiz gomendagarria", nabarmendu du hark. Lasaitasun mezua eman du koordinatzaileak. "Prebentzio neurria besterik ez da; baheketa sintomarik gabeko herri osasuntsu eta arruntean egingo dugu", adierazi du.
PCR proba egiteko
Azkoitian aurretik eskatu beharko da hitzordua, PCR proba egitera boluntario joan nahi dutenek aurrez eta telefono bidez hartu beharko dute txanda, herriko anbulatoriora (943-00 76 10) edo osasun aholkularitzako zenbakira (900-20 30 50) deituta. Sintomak dituztelako edota Osakidetzaren aztarnarien deia jaso dutelako PCR proba egitera deitzen dituztenak ere Gurea pilotalekura joan beharko dira egunotan, Osasun Sailak ez du-eta bitartean PCR-rik egingo anbulatorioaren ondoko karpan. Larunbatera arte egingo dituzte probak han.