Hamahiru kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian azken hiru egunetan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 5a, 13:21

Eskualdean aurreko asteburuan gauzatutako PCR probetan 48 positibo atzeman zituzten, eta asteburu honetan, 51 izan dira. Kasu gehien Azpeitian eta Azkoitian atzeman dituzte: 16 eta 13 positibo, hurrenez hurren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin duten herritarren %4,6k eman dute positibo.

Ostiraletik igandera bitartean egindako PCR probetan hamahiru azkoitiarrek eman dute positibo. Osasun Sailak jakinarazi duenez, bederatzi kasu zenbatu zituzten ostiralean eta lau atzo, igandea; larunbatean ez zuten kasurik atzeman. Horrez gain, azken zazpi egunetako positibo kopurua tarteko, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuenetakoa duen herrietako bat bilakatu da Azkoitia: 34 kasu detektatu dituzte azken zazpi egunetan; 283,59 da tasa. Lehen kasua herrian baieztatu zutenetik, gainera, 209 kasu zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian.

Eskualdean, bestalde, Osasun Sailak asteburuan gauzatu dituen PCR proben emaitzek aurreko asteburuko joerari eusten diote. Izan ere, lehengo asteburuan 48 positibo zenbatu zituen Osakidetzak Urola Kostan, eta oraingoan, berriz, 51 izan dira ostirala eta igandea bitartean positibo eman duten eskualdeko herritarrak. Azken hiru egunetan Azpeitian 16 positibo detektatu dituzte, Zarautzen hamar, Zumaian eta Orion launa eta Errezilen nahiz Zestoan bina atzeman dituzte.

Ospitaleratzeek gora egin dute

Osakidetzak 22.210 PCR proba gauzatu ditu azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta proba horietan 1.032 positibo atzeman ditu; hau da, proba egin duten herritarren %4,6k eman dute positibo –herritarren %4,9k eman zuen lehengo astean–. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian 486 kasu atzeman zituzten ostirala eta atzo artean; Gipuzkoan, 373 positibo; eta Araban, 153. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hogei lagunek ere eman dute positibo asteburuan.

Gainera, oinarrizko birsorkuntza tasak edo RO indizeak behera egin du ostiraletik igandera: ostiralean 0,99 zen, eta 0,92 igandean. Dena den, ostiralean baino ia 3.000 PCR gutxiago egin zituzten atzo. Atzoko datuen arabera, 245 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, horietatik 59 daude ZIUn –joan zen astelehenean baino lau gehiago–. Asteburuan, guztira, 79 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko asteburuan baino zortzi pertsona gehiago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide