Osasun Sailak hamabi kasu positibo berri baieztatu ditu Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 1a, 13:27

Irailean 122 kasu positibo zenbatu dituzte Azkoitian, hau da, Osasun Sailak herrian zenbatu dituen kasu guztien %62,8.

Azken egunetako kasu positibo kopururik handiena zenbatu du Osasun Sailak Azkoitian atzo, asteazkena, egindako PCR probetan. Guztira hamabi herritarrek eman dute positibo. Osakidetzak emandako datuei erreparatuta, azken astean 38 lagunek eman dute positibo Azkoitian.  

Osasun Sailak herriz herri emandako datuak zenbatuta, 194 azkoitiarrek eman dute positibo Azkoitian. Halere, azpimarratzekoa da kasu horiek guztietatik 122 irailean atzemandakoak izan direla; hau da, zenbatutako hiru kasu positibotatik bi joan den hilabetean hautemandakoak izan dira. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa ere handia da Azkoitian, Gipuzkoako handienetariko bat: 316,96.

Eskualdean, bestalde, beste zortzi kasu positibo detektatu ditu Osasun Sailak. Azkoitiko hamabi kasuez gain, Azpeitian bost kasu berri hauteman dituzte, bi Zarautzen eta bakarra Zumaian. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk zenbatu.

Hego Euskal Herriko egoera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 10.969 PCR proba egin zituzten atzo, eta positibo 385 lagunek eman zuten; proba egin zutenen %3,5ak eman zuen positibo. Lurraldeen arabera, Gipuzkoan baieztatu dituzte kasu gehien aspaldiko partez: 175 kasu guztira. Bizkaian, aldiz, 138 kasu berri zenbatu dituzte eta 63 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi kasu ere atzeman ditu Osasun Sailak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, bestalde, 245 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 55 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), Osasun Sailaren arabera,"COVID-19aren ondorioz". Atzo, gainera, beste 33 lagun ospitaleratu zituzten. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, azkenik 0,94an dago gaur. 

Nafarroan, aldiz, 223 kasu positibo berri zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak. 3.317 PCR egin zituzten atzo, eta horietatik %6,7ak eman du positibo. Horrez gain, hamabi lagun ospitaleratu zituzten Nafarroako ospitaleetan. 214 pertsona daude ospitaleratuta, 26 ZIUn.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide