Gaur, urriak 1, hasi dira PCR probak Azkoitian egiten. Anbulatorioaren ondoan dagoen San Frantzisko ermitaren ate aurrean jarri du karpa Osakidetzak. Azkoitiarrek atzora arte Azpeitira joan behar izan dute Osakidetzak deitutako PCR proba egitera. Aurrerantzean, ordea, Azkoitian egin ahal izango dituzte probak herritarrek astelehenetik ostiralera bitartean. Asteburuetan Azpeitiko anbulatoriora joan beharko dute azkoitiarrek Osakidetzak horrela eskatuz gero.
09:30 aurretik hasi dira probak egiten gaur, eta 11:00etara bitartean egingo dituzte normalean probak. Horretarako, ordea, aurrez hitzordua hartu beharko da beti. Osasun egoerak herrian okerrera egiten badu eta test masiboak egin beharko balira, Azkoitiko Udalak duela egun batzuk jakinarazi zuen Gurea pilotalekua "prest" duela.
Goierri-Urola Garaiko ESIa Zumarragako Ospitaleak eta lehen mailako zazpi arreta unitatek osatzen dute, eta orain arte, PCR probak Zumarragan, Beasainen eta Azpeitian egin dituzte, udalak azaldu duenez "baliabideak optimizatze aldera". Oporren ostean "profesional asko" lanera bueltatu dela azaldu zuen udalak, eta, ondorioz, zerbitzua zabaltzeko "aukera ahalbidetu" dela.