Azken PCR probetan lau kasu positibo hauteman ditu Osakidetzak Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 25a, 12:47

Atzo baino hiru kasu gutxiago zenbatu ditu Osasun Sailak herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, behera egin dute kasuek.

Azkoitian beste lau kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak atzo, osteguna, egindako PCR probetan. Azken hiru egunetan hamasei kasu zenbatu dituzte herrian. Lehen kasua Azkoitian agertu zenetik gaur arte 160 herritarrek eman dute positibo Osakidetzak herriz herri emandako datuen arabera.

Eskualdean, aldiz, nabarmen egin dute behera positiboek, herenegun positibo emandakoen erdiak eman baitu atzoko probetan positibo; hamazortzi kasu detektatu ditu guztira Osakidetzak Urola Kostan. Zarautzen zenbatu ditu kasu gehien, sei; Azpeitian, berriz, bost kasu atzeman ditu, lau Azkoitian, bi Orion eta bat Zestoan. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk zenbatu.

Atzo, osteguna, 9.118 PCR proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osasun Sailaren arabera, eta horietatik, 383 (%4,2) izan ziren positiboak. Herenegundik behera egin dute kasuek, 135 gutxiago zenbatu baitituzte. Lurraldeen arabera, 159 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 141 en Gipuzkoan eta 70 Araban. Horiez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamahiru pertsonak ere positibo eman zuten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, bestalde, 268 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, Osasun Sailaren arabera "COVID-19aren ondorioz". Atzo, beste 28 pertsona ospitaleratu zituzten, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 46 pertsona daude. Birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, azkenik, behera egin du herenegungo datuekin alderatuta, 0,92an kokatu baitzen atzoko proben ondoren.

Nafarroako Gobernuak ez du atzoko txostena kaleratu. Argitaratu bezain laster gehituko ditu Maxixatzen.eus-ek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide