Azkoitian beste zazpi kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak atzo egindako PCR probetan. Azken bi egunetan, horrela, hamabi dira proban positibo eman duten herritarrak. Irailaren 17tik Azkoitian zenbatu dituzten kasuak, bestalde, 43 dira. Herrian lehen kasua agertu zenetik, aldiz, 156 azkoitiarrek eman dute positibo.
Eskualdean, ostera, atzo baino kasu positibo bat gutxiago detektatu du Osakidetzak. Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien, hamabi guztira. Ondoren, Azkoitiarekin batera, Zestoan daude kasu gehien, zazpi han ere. Orion eta Zumaian, bestalde, hiruna kasu hauteman ditu Osasun Sailak, eta bana Aian, Azpeitian zein Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute kasu berririk atzeman.
878 kasu, Hego Euskal Herrian
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 10.825 PCR proba egin zituen Osasun Sailak, eta guztira 518 kasu positibo zenbatu zituen, hau da, proba egindakoen %4,78ak eman zuen positibo. Lurraldeen arabera, beste egun batez, Bizkaian detekatu ditu Osakidetzak kasu gehien: 229 guztira. Gipuzkoan, berriz, 182 hauteman ditu eta 79 Araban. Hiru lurraldeetatik kanpo bizi diren 28 lagunek ere eman dute positibo.
Ospitaleen egoerari buruzko txostena ere kaleratu du Osasun Sailak, eta egun 278 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan. Atzo, asteazkena, beste 43 pertsona ospitaleratu zituzten. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 52 lagun daude, Osakidetzaren arabera "COVID-19ari lotuta". Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 tasa 0,96an kokatu da gaur.
Nafarroan, azkenik, 3.476 PCR proba egin zituzten atzo, eta positibo emandakoak 360 izan ziren, hau da, %10,3. Nafarroan, orain arte egun bakar batean egindako PCR proba gehien egin zituzten atzo Nafarroako Gobernuaren arabera.