Osakidetzak beste bost kasu positibo hauteman ditu Azkoitian. Herenegun egindako PCR probetan Osasun Sailak herrian kasurik zenbatu ez bazuen ere, atzo egindako probetan bost kasu gehiago zenbatu ditu. Hilaren 16tik atzora bitartean 45 kasu zenbatu dituzte Azkoitian, eta lehen kasu positiboa herrian agertu zenez geroztik, berriz, 149 herritarrek eman dute positibo.
Eskualdean, aldiz, kasuek gora egin dute. Herenegun bederatzi kasu atzeman zituen Osasun Sailak Urola Kostan, baina atzo guztira 36 kasu zenbatu zituen. Kasu gehien Zarautzen gehitu ditu Osasun Sailak: hamar guztira. Zumaian, berriz, zazpi kasu detektatu ditu Osakidetzak. Azkoitian bezala, Azpeitian eta Zestoan ere bosna kasu zenbatu dituzte, eta lau kasu Orion.
Hego Euskal Herriko egoera
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 9.760 PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo, eta, haietatik, 405 lagunek eman dute positibo. Lurraldeka aztertuta, 177 kasu atzeman ditu Osasun Sailak Bizkaian, 169 Gipuzkoan eta 51 Araban. Halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi den beste zortzi kasu ere hauteman ditu Osakidetzak.
Ospitaleen egoerari buruzko txostena ere argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur gaurkoz 275 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan. Osakidetzaren arabera, 29 pertsona ospitaleratu zituzten atzo "COVID-19aren ondorioz", eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 59 herritar daude orain. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,98an kokatu da gaur. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du ustez koronabirusen eraginez hildako pertsonen kopurua; Osasun Sailaren arabera, irailaren 14tik 20ra bitartean 62 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Nafarroak, bestalde, lehen aldiz gainditu du 400 kasu positiboren langa. Guztira, 425 positibo atzeman ditu Osasunbideak Nafarroan atzo egindako PCR probetan. 3.441 proba egin zituzten han, orain arte egun bakar batean egindako kopururik handiena da hori, eta %12,3ak eman zuen positibo. Nafarroako ospitaleetan 221 lagun daude ospitaleratuta egun, horietatik 25 ZIUn. Hildako bat ere zenbatu zuten atzo, Nafarroan.