932 positibo berri atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 19a, 16:13

Herenegungo datuekin alderatuta, gora egin dute kasu positiboek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroan.

Hego Euskal Herrian gora egin dute SARS-CoV-2 birusa atzemateko PCR probetan positibo eman dutenak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur emandako datuen arabera, guztira 932 kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.913 PCR proba egin zituzten atzo, herenegun baino 747 gehiago, eta 598 pertsonek eman dute positibo, aurreko egunean baino 79 gehiagok eta egindako proben %6,03k. Lurraldeka, Araban 98 kasu positibo baieztatu zituzten atzo, Bizkaian 266 eta Gipuzkoan 229; horiez gain, hiru lurraldeotatik kanpo bizi diren bost lagunek ere positibo eman zuten. Atzo beste 43 lagun ospitaleratu behar izan zituzten COVID-19 gaitzak jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 334 lagun daude gaitz hori dela-eta ospitaleetan, eta horietatik 49 Zaintza Intentsiboen Unitatean (ZIU) daude egun.

Udalerrietako datuak eta R0 indizearena ez ditu ematen asteburuetan jaurlaritzaren Osasun Sailak. Astelehenean eguneratuko ditu horiek.

Nafarroan, bi pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 555 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.833 PCR proba egin dituzte, bezperan baino 21 gutxiago, eta 334 kasu positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 60 gehiago; beraz, egindako probetatik %10,8k eman dute positibo. Azken orduetan hamalau lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn hogei pertsona daude gaur egun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide