Koronabirusaren krisia dela eta, aurten ez dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egiterik izan. Martxoko hasierako data baztertuta, irailera atzeratu zuten XXVII. edizioa izan behar zuena, baina hori aurrera ateratzea ere ezinezkoa izan da.
Hala ere, maratoi erdiaren antolatzaileek azken urteetan lasterketaren bueltan antolatu ohi dituzten egitasmo batzuk mantentzea erabaki dute. Horietako bat da argazki erakusketa. Hain zuzen ere, bi erakusketa prestatu dituzte, bata Azpeitirako eta bestea Azkoitirako, biak Berdintasunaren bidean izenarekin, Alberto Beloki azpeitiarrak iazko lasterketan ateratako argazkiekin.
Azkoitirako prestatu duten erakusketa gaur eta bihar izango da ikusgai Torre Zuri aretoan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.