Kasu positibo bat zenbatu du Osasun Sailak PCR probetan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 15a, 12:41

Asteburuko 11 kasu positiboen ondoren, Osakidetzak atzo kasu bat atzeman zuen Azkoitian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 6.721 PCR proba egin zituzten atzo, eta guztira 287 kasu positibo atzeman zituzten.

Azkoitian kasu positibo bakarra atzeman du Osasun Sailak atzo, astelehena, egindako PCR probetan. Joan den ostiraletik igandera bitartean egindako probetan 11 kasu detektatu zituen Osakidetzak herrian, baina datua jaitsi egin da azken hiru egunetako bataz bestekotik.

Eskualdean ere sei kasu atzeman ditu Osasun Sailak. Azkoitiko kasuaz gain, Zarautzen eta Zumaian bina kasu zenbatu ditu Osakidetzak eta bakarra Orion. Gainerako herrietan ez dute positibo berrik hauteman PCR probetan. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igandean egindako PCR probetan jasotako antzerako emaitzak bildu ditu Osasun Sailak atzo, astelehena. 6.721 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 287 kasu positibo atzeman zituzten. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten kasu gehien: 169 guztira. Gipuzkoan, ostera, 88 kasu hauteman zituzten Osakidetzak eta 26 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste sei pertsonari ere positiboa detekatu zioten.

Ospitaleratzeei dagokionez, atzo 39 lagun ospitaleratu zituzten Arabai, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan. Egun 319 pertsona daude hiru lurraldeetako ospitaleetan; ospitaleratzeek gora egin dute, 269 pertsona baitzeuden igandean ospitalean. Zainketa Intentsioben Unitatean (ZIU), berriz, 60 pertsona daude gaur gaurkoz gaixorik. R0 indizea, bestalde, 0,89ra jaitsi da azken egunetako joera berretsiz.

Nafarroan, bestalde, 311 kasu positibo zenbatu zituen Osasunbideak atzoko egunean egindako 2.230 PCR probetan. Atzo hamahiru lagun ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta horrela egun 138 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik hamar ZIUn. Heriotza berri bat ere zenbatu zuten, eta dagoeneko 548 pertsona zendu dira Nafarroan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide