Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du eskola kirolari ekiteko baimena: urriaren 1ean hasi ahalko dituzte entrenamenduak eta bestelako jarduerak neska-mutilek, beti ere "kontaktu fisikorik gabe" eta "ingurune seguruetan" egiten bada. Kimuen eta haurren mailako txapelketen hasierak, ordea, 2021. urtera arte atzeratu ditu aldundiak.
Eskola kirolean inplikatutako 350 eragilerekin izandako bileren ondoren egin du hautua aldundiak. Erabakia arrazoituz, aldundiak azaldu du jarduera fisikoak eta kirolak "lotura zuzena" dutela "haurren osasuna eta ongizate psikologikoa" mantentzerakoan. "Eskola kirola bertan behera utziko bagenu, baliabide ekonomiko urriko ikasleei eragingo genieke kalte handiena. Bestalde, jarduera eteteak eragin bereziki negatiboa izango luke nesken kirolean, eta genero arrakalan sakonduko luke" azaldu du aldundiak.
Eskola kirola hasi baino lehen, ordea, protokolo bat zehaztu beharko dute eragile guztiek, segurtasuna bermatzeko. Taldeek "15 pertsonak osatutakoak" izan beharko dute gehienez, "segurtasun tartea mantendu" beharko da beti ekintzetan, eta horrez gain, haurrek "ezingo dute materiala partekatu". Ikastetxeak protokolo horietara egokitzeko, halaber, aldundiak 50.000 euro bideratuko ditu; aurrez izena eman beharko da, irailaren 21etik abenduaren azken egunera bitartean.