Azkoitian beste lau lagunek eman dute positibo PCR probetan. Astelehenean eta asteartean egindako PCRetan Osakidetzak ez zuen kasu positibo berririk hauteman, baina atzo, asteazkena, egindako probetan lau kasu gehiago zenbatu ditu.
Eskualdean, bestalde, 17 kasu atzeman ditu Osakidetzak. Azkoitiko lau kasuez gain, Azpeitian, Orion eta Zarautzen ere launa kasu zenbatu ditu Osasun Sailak, eta kasu bat Zumaian. Gainerako eskualdeko herrietan ez da kasu berririk izan. Herenegun egindako PCR probetan zortzi kasu agertu ziren, atzo baino bederatzi gutxiago.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 8.389 PCR proba egin zituen atzoko egunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta guzti horietatik 635 lagunek eman dute positibo (%7,5). Araban 97 kasu atzeman zituen Osakidetzak atzo, 342 Bizkaian eta 174 Gipuzkoan. Halaber, hiru lurraldee horietatik kanpo bizi diren 22 lagunek ere eman dute positibo. Atzo 55 lagun gehiago ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, 233 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 55 lagun daude. RO indizea, berriz, 1,04 da Osakidetzaren arabera.
Nafarroan, berriz, gorakada nabarmena izan du positibo kopuruak azken orduetan: 340 zenbatu dituzte, pandemia hasi zenetik egun bakar batean izan duten kopuru altuena. 3.148 PCR proben emaitzak dira horiek; egindako PCR-en %10,6 izan dira positiboak. Pertsona bat hil da azken orduetan COVID-19 gaitzak jota eta 18 lagun ospitaleratu zituzten atzo Nafarroako ospitaleetan gaitz horrekin, baina horietako inor ez ZIUn.