Sei hilabeteren ondoren, ikasgeletara itzuli dira txikienak

Olaia Juaristi, Nerea Uranga eta Andoni Elduaien 2020ko ira. 7a, 12:12

Ezohiko ikasturte honen lehen eguna izan dute Azkoitiko ikasleek eta irakasleek. Motxilak bezainbesteko garrantzia duen maskara ahoan, eskoletarako hainbat sarbide baliatu dituzte ikasleek, pilaketak ekiditeko.

Martxoaz geroztik hutsik egon diren ikasgeletara itzuli dira gaur, astelehena, Azkoitiko ikaslerik txikienak. Sei urtetik gorako ikasleak maskara jantzita egin dute eskolara bidea; gurasoekin, etxekoekin edo lagunekin batera egin dute aspaldian egin gabe ziren bidea. Eskoletako ateetan zain zituzten irakasleek ere maskararekin egin diete ongi etorria. Ezohiko ikasturte honetako lehen eguna izan dute Xabier Munibe ikastolan eta Floreagan. Gaur Lehen Hezkuntzako eta DBH1 eta DBH2 mailetako ikasleen txanda izan da. 

09:00etan hasi da ikasturte berria Xabier Munibe ikastolan, eta koronabirusa ekiditeko hainbat neurri hartu dituzte. Esaterako, mailaz maila egin dute bidea ikasgeletara. Irakasleek beren ikasleak batu dituzte lehenik, eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu dizkiete gero. Gainera, ikastolak bere inguru guztian dituen ateak baliatu dituzte barrura sartzeko modu antolatuan sartzeko. 

Floreaga ikastetxean, berriz, 09:30ean hasi dute ikasturtea eta han ere neurriak hartu dituzte. Mailaz maila eta ordenatuta hasi dira ikasleak ikastetxera iristen, izan ere maila bakoitzak bere ordua izan du eskolara iritsi eta dagokion ikasgelara dagokion neurriak hartuta sartzeko. Floreagan ere eskolak dituen ate desberdinak baliatu dituzte ikasgeletara sartzeko.

Eskola barruan, berriz, berrikuntza ugarirekin egin dute topo ikasleek. Lurrean jarraitu beharreko markak aurkitu dituzte; hormetan, berriz, COVID-19ari lotutako hainbat gomendio eta jarraibide azaltzen dituzten kartelak ikusi dituzte ohiko marrazkiekin eta irudiekin batera. Hilaren 15ean, asteartea, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleek hasiko dute ikasturtea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide