Martxoaren 28an zen izatekoa aurten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia hasiera batean, baina COVID-19a tarteko, bertan behera utzi zuten lasterketa orduan. Gero, irailaren 19ra atzeratu zuten proba antolatzaileek, baina egoerak aurrerapausorik eman ez duenez, aurten lasterketarik ez egitea erabaki dute.
2020. urteko edizioa atzean utzi, eta datorren urtera begira jarrita daude, beraz, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileak. Martxoaren 20an izango da proba, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, gehienez 200 lagunek izango dute lasterketa motzean izena emateko aukera. Maratoi erdian, aldiz, 800 lasterkarik eman ahalko dute izena.
Izen emateen kudeaketa
"Inoiz gertatu ez den gertaera" izan dela azaldu dute antolatzaileek, eta birusaren agerpenak "buruhauste handia" eragin duela aitortu dute. Hori horrela, hainbat erabaki hartu dituzte aurten parte hartzekoak ziren lasterkarien izen emateak kudeatzeko.
Dortsalak 2021. urteko ediziorako gordeko dituzte kontrakorik ez diotenen parte hartzaileen kasuan, baina dortsala ezeztatzeko aukera ere eskainiko dute. Kasu horretan, nahi duenak itzulketa eskatu ahal izango ordaindutakoa bueltan jasotzeko; plataformako eta bankuko komisioa izan ezik –hiru euro–, guztia itzuliko diete 2021. urteko proban parte hartu nahi ez dutenei.
Dortsala gordetzen dutenek, gainera, pobaren Runner bihotza kamiseta eta poltsa jaso ahal izango dituzte lasterketaren laguntzaileak diren dendetan; 15 euro ordaindu beharko da probako materiala eskuratzeko. Hautu hori egiten dutenek "lasterketa bideragarria" izaten lagunduko dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Dendara hurbildu ezin dutenek, berriz, bidalketa etxera egiteko eskatu ahal izango dute. Bidalketa gastuak kontsultatzeko, azkoitiazpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute interesdunek.
Aukera horiek guztiak RockTheSport plataformatik bideratu beharko dira, irailaren 19ra bitartean. Ordutik aurrera antolatzaileek ez dituzte onartuko ez itzulketak ezta aldaketak ere.