Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 608 positibo atzeman zituen atzo, larunbata, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Herenegun baino kasu gutxiago detektatu dituzte; izan ere, orduan 745 kasu atzeman zituzten –9.841 PCR egin zituzten–. Atzo, berriz, 7.218 PCR proba gauzatu zituzten.
Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dute kasu positibo gehien: 324. Aldiz, Gipuzkoan 188 detektatu dituzte, eta Araban 94. Gainera, bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten bi pertsonak ere eman dute positibo proban. Osasun Sailak ez ditu asteburuetan herrikako datuak ematen. Nafarroan, berriz, 265 positibo atzeman dituzte.
Koronabirusa tarteko, 36 lagun ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ZIUn 47 lagun daude gaur egun –herenegun ere hala zeuden–. Nafarroan, berriz, 101 dira ospitaleratuta dauden herritarrak; horietatik zortzi daude ZIUn.