Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, kasu positibo bat zenbatu zuten atzo, osteguna, azkoitiarrei egindako PCR probetan. Herenegun, aldiz, bi kasu zenbatu zituzten. Igandetik atzora bitarteko kontaketa eginda, ordea, hamabi kasu positibo detektatu ditu Osakidetzak Azkoitian.
Urola Kostan, bestalde, zazpi herritan zenbatu zituen atzo Osasun Sailak kasu positiboak. Azkoitiko kasuaz gain, Azpeitian eta Zarautzen lau kasu zenbatu dute; Orion bi, Errezilen, Getarian eta Zumaian, aldiz, kasu bana zenbatu dute.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du positiboen kopuruak. Asteazkenean baino ehun gehiago atzeman dituzte: 705 kasu izan ziren atzo; herenegun, berriz, 605 kasu izan ziren. Egindako PCR probek ere gora egin dute: herenegun 9.145 proba egin zituzten; atzo, aldiz, 9.841.
Beste behin ere Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien –357 kasu lurralde horretan–. Gipuzkoan asko egin du gora positibo kopuruak: herenegun 165 kasu atzeman zituzten, eta atzo 217. Araban ere gora egin du kopuruak 53 izan ziren herenegun, eta 122 atzo.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, 253 lagun daude ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, herenegun baino sei gutxiago. Horietatik 48 daude ZIUn, herenegun baino bat gehiago. Atzo, guztira, 47 lagun ospitaleratu zituzten. RO indizea, berriz, 0,93 –bezperan baino ehuneko bat gutxiago–.
Nafarroan, berriz, 158 positibo zenbatu dituzte atzo egindako 2.068 PCR probetan, herenegun baino 47 positibo gehiago. Koronabirusaren eraginez, azken orduetan hamalau lagun ospitaleratu dituzte –horietako hiru ZIUn–.