Asteburuetan ez ditu herriz herriko datuak ematen Osasun Sailak, baina gaur argitaratu ditu joan berri denekoak. Ostiraletik atzora bitartean, bost kasu izan dira guztira Azkoitian, baina azken 24 orduetan ez dute kasu positiborik zenbatu herrian. Urola Kostako gainontzeko herrietan, berriz, Aian, Azpeitian eta Zarautzen kasu bana hauteman dute azken 24 orduetan, eta ostiraletik atzora bitarteko datuetan kasu gehiago ere zenbatu dituzte herri horietan eta eskualdeko beste batzuetan: Zarautzen eta Azpeitian, guztira, zortzi kasu zenbatu dituzte, Aian eta Orion hiruna, eta Zestoan bi.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei erreparatuz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, guztira, 453 kasu positibo zenbatu ditu azken 24 orduetan: 246 Bizkaian, 140 Gipuzkoan eta 43 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 24 lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Ostiraletik atzora bitartean, guztira, 1.704 izan dira hiru lurralde horietan hautemandako kasuak, eta 25.960 PCR proba egin dituzte azken egunetan.
Hiru lurralde horietan egun ospitaleratuta daudenak 211 dira, eta 27 lagun daude ZIUn ospitaleratuta.