COVID-19ari aurre egiteko neurri berriak hartu ditu LABI larrialdi batzordeak

Aiora LarraƱaga 2020ko abu. 18a, 13:42

Uriarte, Tapia eta Murga gaurko prentsaurrekoan.

Gaueko establezimenduak, diskotekak, dantza aretoak eta abar ezingo dira ireki, eta gazte lokalak erabiltzea ere debekatuta egongo da. Gehienez, hamar laguneko taldeak elkartu ahal izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo sartu zen indarrean osasun larrialdi egoera, eta gaur Arantxa Tapia, Nekane Murga eta Cristina Uriarte sailburuek prentsaurrekoa eman dute Larrialdiari Aurre egiteko Bidea (LABI) batzordeak adostutako neurri berriak jakinarazteko. Agerraldian azaldu dutenez, jende pilaketak sor daitezkeen guneei eragingo diete batik bat neurriek.  

Honako hauek dira neurriok:

  • Ezingo dira hamar lagun baino gehiago bildu kalean, ezta tabernetan, jatetxeetan edo elkarte gastronomikoetan ere. 1,5 metroko segurtasun distantzia bermatu beharko dute talde desberdinetan bilduta dauden pertsonek, eta eserita soilik kontsumitu ahal izango dute. Gainera, establezimendu horiek 01:00etarako itxi beharko dituzte ateak, eta ezingo dute bezerorik onartu gauerditik aurrera.

  • Gaueko establezimenduak, diskotekak, dantza aretoak eta abar ezingo dira ireki, eta gazte lokalak erabiltzea ere debekatuta egongo da.

  • Beilatokietan eta hiletetan 30 lagun bildu ahal izango dira gehienez, barruan zein kanpoan izan.

  • Garraio publikoa 01:00etan etengo da, aisialdiko establezimenduekin batera. Gainera, bi orduko iraupena baino gutxiago duten ibilbideetan debekatuta egongo da garraio publikoan jatea. Edan ahal izango da, baina edaterako orduan soilik kendu ahalko da maskara.

  • Federatua ez den kirola edo aisialdiko jarduerak gehienez hamar laguneko taldetan egin ahal izango dira.

  • Igerileku publiko eta pribatuetako edukiera %60koa izango da, eta gehienez ere hiru orduz egon ahal izango da bertan.

  • Gune publikoetan erretzea debekatuta egongo da, bi metroko segurtasun distantzia mantendu ezin denean. Gainera, maskara jantzita izan beharko dute erretzaileek, eta kendu ahalko dute kea hartzeko eta botatzeko soilik.

  • Lehen bezala, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta zehaztu dute sudur-trenkada eta kokotsa tapatuta eraman behar direla maskararekin.

  • Adinekoen egoitzetan pertsona bakarraren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek, egunean ordubetez gehienez ere. Gainera, PCR probak indartuko dituzte eguneko zentroetan eta egoitzetan: egoiliar eta langile berri guztiei probak egingo dizkiete 72 ordu lehenago gehienez ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide