Azpeitian sortu den koronabirus fokua dela eta, "kezkatuta" agertu da Azkoitiko EH Bildu. Izan ere, koalizioak azaldu duenez, 47 kasu atzeman dituzte azken orduetan Azkoititik kilometro gutxira dagoen herrian, eta Azkoitian "ez festetan" daude.
Hori dela eta, Udal Gobernuari neurriak zorrozteko eskatu dio EH Bilduk, Azpeitia eta Azkoitia "elkarri oso lotuta" dauden bi herri direlako eta Azpeitiko fokua Azkoitira iristea "harritzekoa ez" delako. Horrekin batera, neurriak hartzerakoan "adostasunak bilatzeko eta batera ekiteko prestutasuna" agertu dio koalizioak Javier Zubizarreta alkateari.
EH Bilduk "zentzuz" jokatzeko deia egin die azkoitiarrei: "Momentu latzak bizitzen ari gara, eta nahiz eta zaila eta data esanguratsuak izan, tentuz ibiltzeko eskatu nahi diegu herritarrei. Azken egunetan denok ikusi ditugu arrisku egoerak, eta horiek saihestea denon lana da".
Horregatik, musukoa erabiltzea, distantziak mantentzea eta eskuak sarri garbitzea oso garrantzitsua dela gogorarazi, eta "zaila izan arren", kontaktu soziala ahalik eta gehien murriztea eskatu die herritarrei. "Denok elkarrekin bakarrik aterako gara krisi honetatik. Zaindu gaitezen!".