Ugarteigarango igerilekuan azken egunetan uretara sartzeko sortu diren jende pilaketak eta iladak ekiditeko asmoz, eskumuturrekoak banatuko dituzte gaur arratsaldetik aurrera. Erabiltzaile bakoitzari kolore jakin bateko eskumuturrekoa emango diote eraikinaren sarrera, eta sorosleak arduratuko dira ordu laurdenero zein koloreren txanda den adierazten.
Ugarteigarango igerilekuak edukieraren %60an zabaldu zituzten ekainean. Guztira, 840 pertsonak dute instalazioa erabiltzeko aukera, baina segurtasun gomendioei jarraituz, helduen igerilekuan 188 lagunek dute uretan egoteko aukera, eta 25 haurrek igerileku txikian.
Azkenaldian, ordea, uretarako zehaztutako edukiera erraz bete dela ikusi dute arduradunek, eta ondorioz, ilara luzeak sortu dira igerilekura sartzeko. Ugarteigarango arduradunek jende pilaketak saihestu nahi dituzte neurri berriarekin, eta horregatik, eskumuturrekoaren kolorearekin emango dute txanda gaur arratsaldetik aurrera.
Horrez gain, Ugarteigarango zelaian metro eta erdiko segurtasun tartea bete beharko da, eta betetzen ez den kasuetan maskararen erabilera nahitaezkoa izango da. Halaber, hamar lagun baino gehiagoko talderik ezingo da osatu berdegunean.