Azken txanpara iritsi da X. Erniarraitz Bertso Txapelketa. Bihar, hilak 17, jokatuko dute gazte sariketako finala Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan hasita. Sei bertsolari igoko dira oholtzara aurtengo txapelaren bila: Jon Gurrutxaga, Maider Arregi, Ane Zuazubiskar, Xabat Illarregi, Oier Etxeberria eta Asier Galarza Muxi. Gai-jartzaile lanetan, aldiz, Imanol Artola Felix arituko da. Hain zuzen, Ane Zuazubiskar izan zen Azkoitiko saioaren irabazlea eta zuzenean finalera sailkatzea lortu zuen.
Finalerako sarrerak ostiralean bertan jarriko dituzte salgai Azpeitiko Gaztetxeko sarreran, 5 eurotan. Finala 22:00etan hasiko bada ere, ateak 21:15ean irekiko dituzte. Hitzordura bertaratzen diren lagunek maskara jantzita izan beharko dute finalak irauten duen bitartean.
Aurreneko saria Erniarraitz Bertsozale Elkarteak banatuko du, eta Erniarraitzeko kideren batek jantziko dio txapela irabazleari. Bigarren saria, aldiz, Azpeitiko Udalak banatuko du, eta bertsorik onenaren saria Azpeitiko Gaztetxeak.